Medikuek Aste Santuaren ondoren greba bertan behera utziko dutela uste du Osasun ministroak
Monica Garcia Osasun ministroaren arabera, Ministerioak agindutakoa bete du eta orain sindikatuei dagokie greba bertan behera uztea.
Monica Garcia Osasun ministroa, gaur, Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseiluaren bileraren atarian. Argazkia: EFE
Medikuen greba amaitzetik gertu egon daiteke, edo hori da behintzat Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak uste duena. Data ere jarri dio grebaren amaierari: Aste Santuaren ondorena.
Osakidetzako eta Osasunbideko medikuak astebeteko greba egiten ari dira hilero, Espainiako Osasun Ministerioari estatutu propio bat eskatzeko.
Atzo Greba Batzordeak eta Osasun Ministerioak berriro ekin zieten bilerei, medikuen grebaren bigarren astearen ostean. Garciaren arabera, "adostasun puntu batzuk" lortu zituzten, eta sindikatuek aurreratu zieten greba bertan behera uzteko erabakia hartuko dutela Aste Santuaren ondoren.
Ministroak gaineratu duenez, Osasun Ministerioak agindutakoa bete du; orain sindikatuei dagokie bere zatia betetzea.
Dena den, Garciak esan du beste sindikatu batzuek grebarekin jarraitzeko asmoa agertu diotela, baldin eta Osasun Ministerioak indarrean dagoen estatutu markoari eusten badio. Gauzak horrela, ikusteko dago zer gertatzen den.