Abian da Nelson David Moreno Bolañosen aurkako beste epaiketa bat: 73 urteko gizon bat hiltzea egozten zaio, app baten bidez zita bat izan ondoren
Akusatuari 37 urteko kondena ezarri zaio, beste hiru epaiketatan; gutxienez bost gizonezko homosexualen heriotzarekin lotu dute ikertzaileek, baina zazpi ere izan litezke.
Nelson David Moreno Bolañosen aurkako epaiketa bat. Argazkia: EFE
Bizkaiko Auzitegiak asteazken honetan hasiko du Nelson David Moreno Bolañosen aurkako beste epaiketa bat. Gutxienez bost gizonezko homosexual hiltzearekin lotu dute auzipetua —ikertzaileen arabera, zazpi ere izan litezke—, 2021eko udazkenean Bilbon. Oraingo auzia 73 urteko gizon baten ustezko hilketarekin lotua dago, app baten bidez zita bat eduki ostean. Fiskaltzak hamasei urteko espetxe zigorra eskatu du homizidio delituagatik, eta beste hiru urte, iruzur jarraituagatik.
Akusazio partikularrak, berriz, 25 urteko kartzela zigorra eskatzen du hilketagatik eta beste bost urte iruzurragatik. Herri akusazioak, azkenik, 28 urte eta 9 hilabete eskatzen ditu.
Moreno Bolaños hiru epaiketatan kondenatu dute jadanik. Lehenengo epaiketan, hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, 2021eko abenduan app baten bidez ezagututako gizon bat hiltzen saiatzeagatik. Biktimak ihes egitea lortu zuen, eta salaketa jarri zuen gero.
Bigarren epaiketan, bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zioten delitu ekonomikoengatik, gizon bati lapurtu baitzion; ikusteko dago auzi hori homizidio gisa ere epaituko duten.
Azken epaiketan, berriz, 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2021eko urrian 43 urteko musika irakasle bat hiltzeagatik: beso biluziko itotze teknika erabiliz hil zuen, eta, ondoren, lapurreta egin. Guztira, 37 urtetik gorako espetxe zigorrak pilatzen ditu akusatuak.
Auzibide luzea
Edonola ere, Moreno Bolañosek oraindik epaiketa gehiago ditu aurretik, guztira bost homizidiorekin lotu baitute —zazpi izan litezkeela uste dute ikertzaileek—, baita beste bi hilketa saiakerarekin ere.
Hala adierazi zuen lehenengo epaiketan Ertzaintzako ikertzaileetako batek; haren esanetan, ikertzaileek “erabat lotuta” ikusten dute auzipetua gizonezko homosexualen zazpi heriotzekin. Guztiak antzeko egoeretan aurkitu zituzten euren etxeetan, eta ustezko hiltzaileak erabilitako jokabidea antzekoa izan zen.
Oraingo epaiketa 2021eko urriaren 5ean 73 urteko gizon baten ustezko hilketaren ingurukoa da. Fiskaltzaren arabera, erabilitako modus operandia eta musika irakaslearen kasuan erabilitakoa oso antzekoak izan ziren.
Auzipetua 24 urteko gaztea zen orduan, eta Wapo harremanetarako aplikazioaren bidez jarri omen zen harremanetan 73 urteko gizonarekin. Biktimaren etxebizitzan, eta sexu harreman baten testuinguruan, beso biluziko itotze teknikaren bidez hil omen zuen. Ondoren, haren telefono mugikorra erabilita dirua atera zuen banku kontuetatik.
Epaiketa gehiago udazkenean
Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko Unitate Zentralaren arabera, Moreno Bolañosek jokabide bera erabili zuen 2021eko udazkenean Bilbon egindako hainbat erasotan, zigorgabetasun sentsazioa izateraino. Gaur hasitako epaiketaren ostean, udazkenean beste bi homizidioren inguruko epaiketak egingo dituzte.
Defentsak argudiatu izan du akusatua gizonezko homosexualei lapurreta egiten zien talde baten agindupean jarduten zuela. Ertzaintzak eta epaimahaiek, baina, ez diote sinesgarritasunik eman akusatuaren kontakizunari. Ikusteko dago defentsak estrategia bera erabiliko duen oraingo epaiketan ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera