Euskararen aldeko lasterketa eguerdian helduko da helmugara, Bilboko erdigunera
2.750 kilometro egin eta lekukoa eskuz esku 3.436 aldiz pasatu ostean, Bizkaiko hiriburua harrapatuko du Korrikak. Bertan jakingo dugu nork idatzi duen 10 egunez lekuko barruan gordeta eraman duten mezua, egileak berak irakurriko baitu. AEKk festa erraldoia prestatu du 24. Korrikari amaiera emateko.
Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak sartu zuen mezu sekretua lekukoaren barruan, Atharratzen. Argazkia: KORRIKA
Zirrarak, festak, hunkipenak... 10 egunez Euskal Herriko txoko, herri eta hirietan bizitakoek goia joko dute gaur, igandea, 24. Korrikak helmuga harrapatuko baitu: Bilbo. Martxoaren 19an Atharratzetik abiatu zenetik, milaka euskaltzalek parte hartu dute euskararen aldeko lasterketan. Urratsez urrats, lurraldez lurralde. Gehienetan, jendetsu; zenbaitetan, dozena bat lagunek bakarrik babestuta. Gaur ibilbidea osatuko du Korrikak. Kosta ahala kosta. Aldapan gora, ordu txikitan, euripean... oztopo guztien gainetik, aurrera egin du egunotan euskaltzaleen olatuak. Eskuz esku ia 3.500 aldaketa eginda iritsiko da lekukoa Bizkaiko hiriburura. Orduan egingo dute publiko aurtengo Korrikaren mezua, egilearen ahotik.
Azken eguna Durangaldetik abiatu du Korrikak. Atzerapenarekin sartu da Bizkaiko hiriburuan, 08:00ak baino apur bat lehenago. Enekuritik egin ditu lehen pausoak. Korrikako arduradunek 12:30erako espero dute heltzea helmugara, Ernesto Erkoreka plazara. Ohi bezala, AEKko kideek egingo dute azken kilometroa, 2.750.a, hain justu. Horiekin batera, 24. Korrikako mezuaren egilea igoko da udaletxe plazan paratutako eszenatokira, eta hark irakurriko du 10 egunez gordeta eraman duten mezua. Ozen, harro; Mendebaldetik Ekialdera, Euskal Herri osoan entzun dadin.
Behin mezua zabalduta, festa lehertuko da Bilbon, eta badirudi eguraldia alde(ago) izango dutela euskaltzaleek. Izan ere, goiz busti eta hotza aurreikusi du EITBko Meteorologia Zerbitzuak, baina eguerditik aurrera hobetzera egingo du aroak. Aterrune politak izango dira, baina ez da baztertzen tarteka zaparrada bakanen bat egitea. Tenperaturari dagokionez, fresko antzera jarraituko du, eta maximoak 12 ºC-koak izango dira.
Bizkaiko hiriburua mukuru beteko da, eta, hori dela eta, garraio publikoa erabiltzeko gomendatu dute AEKko arduradunek. Metro Bilbaok eta Euskotrenek, esaterako, zerbitzu bereziak eskainiko dituzte.
AEKk egitarau oparoa prestatu du egun horretarako. 6 gunetan banatu dituzte kontzertuak, umeentzako jarduerak, bazkaltzeko eremua eta bestelakoak. Denetarik, denentzat, sorpresaren bat tartean. Hona egitarau guztia, gunez gune:
BBK GUNEA - FAMILIA GUNEA (Erripa eta Bailen kaleetan)
13:00-19:00 – Puzgarriak eta jolasak (Urtxintxa, Makusi eta BBK Fundazioa)
13:00-19:00 – Rokodromoa, kartak, bonbonera (Athletic Fundazioa)
NAIZ GUNEA - kontzertuak (Areatza)
14:00-15:00 – La Basu
16:00-17:00 – Arranoaren Hegaldia
18:00-19:00 – Añube
20:00-21:30 – Akerbeltz
ARRIAGA
13:30-18:00 – Jan-gunea
Herri-bazkaria
- Menua: paella (bi aukera: beganoa edo oilasko eta saiheskiduna)
- Ogia eta kafea barne
- Prezioa: 8 €
13:30-18:00 – Azoka
13:30-14:45 – Herri kirolak
15:15-16:30 – Dantza ikuskizuna (Gaztedi)
17:15-18:30 – Diskofesta (Urtxintxa)
SAN NIKOLAS - kontzertuak
15:00-16:00 – Zerotan
17:00-18:00 – Bele
19:00-20:00 – Mixerabliak
AREATZA
13:30-19:00 – Gamer gela, taloak eta foodtruckak
PLAZA BARRIA
Erakusketa: “Mundu bat KORRIKA!”
13:00-14:00 – Punpairez
14:30-15:30 – PD Rasmia
16:00-17:00 – Bertsolariak
17:30-18:30 – Kontzertu akustikoa
BILBO ZAHARRA
16:00-17:00 – Yogurinha Borova
17:30-19:00 – Txalainak
19:30-21:00 – DJ Elepunto
ZAZPIKALEAK
Egunean zehar kale-animazioa: txarangak, kalejira, erraldoiak, Korrika kantari eta joaldunak.