Global Summud Flotillan atxilotutako 100 lagunetatik lau euskal herritarrak dira, eta gose-greba hasi dute
Gazara zihoan beste flotilla bateko itsasontziak atzeman ditu Israelgo Armadak gaur goizean. Euskal Herrian zein Europako hainbat tokitan protestak antolatu dituzte "Flotilla ez da ukitzen" lelopean.
Israelek Gazara laguntza humanitarioa zeraman beste ontzidi bat geldiarazi eta barruan zihoazen 100 ekintzaile atxilotu ditu; tartean, lau euskal herritar. Euskadi Irratiak jakin duenez, gose-greba hasi dute atxilotuek.
Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako Espainiako ministroak baieztatu duenez, nazionalitate espainiarra duten 45 pertsona doaz Gazarako flotillan, eta Israelgo agintariek 10-20 inguru atxilotu dituzte.
Ministroak adierazi duenez, protesta formala helarazi dio Dana Erlich Israelgo negozioen arduradunari, operazioa "nazioarteko zuzenbidearen urraketa bat" baita.
Flotilla osatzen duten 54 ontziak aurreko astean atera ziren Turkiatik eta Gazako kostaldetik 250 itsas miliatara egin da abordajea, nazioarteko uretan, Zipreko kostaldetik gertu. Ontzi batzuek norabidea aldatu dute, harrapa ez zitzaten. Ondorioz, hainbat lagun libratu dira abordajetik; bi euskal herritar, tartean.
Israelgo Goobernuak dio Hamasi lagundu nahi diola ontzidiak baina giza-laguntza eramatea dela helburu nagusia defendatzen dute ekintzaileek. Israelek "pirateria" darabilela salatu dute, baita Israelgo Gobernuak duen "inpunitatea" ere. Israelek 10.000 palestinar dituela kartzelaratuta gogora ekarri dute, eta heriotza-zigorra ezar diezaieketela.
Testuinguru honetan, atxilotuak aske uztea eskatzeko eta Israelgo Aradaren erasoak salatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte 19:00etan Euskal Herrian: Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean, Altsasun eta Urruñan izan dira protestetako batzuk. Espainiako, Frantziako, Greziako, Italiako eta Europako hainbat hiritan ere elkarretaratzeak izan dira.