Lukas Agirreren hilketan erabili zuten labana "oso arriskutsua" zela nabarmendu du polizia zientifikoak
Ertzaintzako polizia zientifikoaren agenteek krimena gertatu zen lekua ikuskatu zuten, eta haien deklarazioa izan du ardatz epaiketaren zazpigarren saioak.
Ertzaintzako polizia zientifikoak nabarmendu duenez, Lukas Agirreren hilketan erabili zuten "abaniko" itxurako tximeleta labana oso-oso arriskutsua zen. Hamar zentimetroko arma "erabat zorroztua" zegoen, eta helduleku "zimurtsua" zuen, irrist egin ez zezan.
Ertzaintzako polizia zientifikoaren agenteek krimena gertatu zen lekua ikuskatu zuten, eta haien deklarazioa izan du ardatz epaiketaren zazpigarren saioak.
Donostiako hirigunean gertatu zen erasoa 2022ko gabonetan, dantzaleku baten kanpoaldean, 06:15 zirenean. 24 urteko biktimak bi labankada jaso zituen; bata toraxean eta bestea lepoan, eta odolustuta hil zen.
Bi labankada
Fiskaltzak 22 urteko espetxe zigorra eskatu du bi labankaden ustezko egilearentzat, eta beste horrenbeste urteko zigorra galdegin du Lukas Agirre hiltzeko erabili zuen labana eman zion gizonarentzat. Bestalde, hiru urteko espetxe zigorra proposatu du gertatutakoa ezkutatu zuen emakume batentzat.
Testuinguru horretan, Polizia zientifikoko agenteek gaur emandako testigantzei esker Donostiako Okendo plazan aurkitutako frogak tokian bertan irudikatu ahal izan dituzte epaimahaikideek, 360 graduko argazki panoramiko batekin.
Agente horietako batzuek, era berean, edukiontzi batean aurkitutako labanari buruz hitz egin dute. Arma "nabarmen handia, zorrotza eta arriskutsua" zela azaldu dute, eta labanak biktimaren odola zeukala zehaztu. Gainera, esan dute labanaren helduleku zimurtsua ez zela egokia hatz markak aurkitzeko.
Zauri ikaragarria
Agirrek lepoan zeukan zauriaren "basakeria" ere egiaztatu dute, biktimaren hezurrera iritsi baitzen labana, kontatu dutenez.
Bihar, asteartea, berrekingo diote epaiketari. Zenbait perituk deklaratuko dute zortzigarren saioan, bai eta gertakariak gertatu zirenean akusatu nagusiak zeraman Kometa geolokalizazio sistemaren teknikari batzuek ere.