LGTBI kolektiboaren aldarria Bilbon eta Iruñean, Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunean
Trans pertsonenganako "indarkeria instituzionala" salatu dute Bilbon. Iruñean, berriz, "espazioak lasaitasunez okupatzeko eta bizitzeko" eskubidea aldarrikatu dute.
Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako nazioarteko eguna da maiatzaren 17a, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek pairatzen duten indarkeriari, jazarpenari eta diskriminazioari buruz kontzientziatzeko eguna, hain zuzen ere.
1990era arte, Osasunaren Mundu Erakundeak buruko gaixotasunen artean sartzen zuen homosexualitatea. Definizio hori zuzendu zenetik denbora igaro den arren, kolektiboak diskriminazioa jasaten jarraitzen du gaur egun, datuek erakusten duten bezala: Hego Euskal Herriko elkarteek, batez beste, 125 gertakizunen berri izaten dute urtean.
Gainera, Ertzaintzak 2024ko datuekin egindako gorroto-gertakariei buruzko azken txostenak sexu-orientazioarekin edo sexu-askatasunarekin lotutako 54 delitu jasotzen ditu.
Kolektiboak salatu duenez, "gorrotoaren diskurtsoak gero eta zabalduagoak daude kaleetan eta sare sozialetan".
Hala, dozenaka pertsona mobilizatu dira igande honetan LGTBIQ+ fobiaren aurka Bilbon, Arriaga Antzokiaren ondoan, E28 Koordinadorak deitutako elkarretaratzean.
Ohar baten bidez, plataformak kolektiboak "egunero bizi dituen indarkeriak" salatu ditu, eta, bereziki, "indarkeria instituzionala, trans gorputzak eta bizitzak patologizatu eta traumatizatzen dituena".
"Indarkeria transmisoginoa" eta "eguneroko erasoak" ere salatu ditu.
Iruñean, 28J Plataformak elkarretaratzea egin du udaletxearen aurrean, eta "espazioak lasaitasunez okupatzeko eta bizitzeko" eskubidea aldarrikatu du.
Ohar batean ohartarazi dutenez, gorroto-diskurtsoak "areagotu egin dira gure inguruan", eta "gorputzaren, bizitzaren eta lurraldearen autodeterminaziorako dugun eskubidea" aldarrikatu dute, "giza duintasuna bermatzen duten askatasun horiek edo beste batzuk urratzen dituztenen zigorgabetasuna" arbuiatuz.
Pinkwhasing delakoa ere salatu dute: "Ez dugu onartuko estatu, alderdi edo marka bakar batek ere gure diskurtsoa bereganatzea, ezta gure bizitza eta eskubideak instrumentalizatzea onura ekonomikoa lortzeko", adierazi dute.
Elkarretaratzea Iruñean. Argazkia: EuropaPress
600 kontsulta Berdindu zerbitzuan
Berdindu, LGTBIQ+ pertsonen arretarako euskal zerbitzuak ia 600 kontsulta jaso zituen 2025ean, aurreko urtearen antzera.
Txema Ezkerrra aniztasuneko zuzendariak Radio Euskadin azaldu duenez, familiei ematen dieten arreta handitu egin da: 77k eskatu zuten laguntza 2025ean genero-identitate eta genero-adierazpenei buruzko zalantzak argitzeko, adingabeen ingurukoak, kasu askotan.
Berdinduk bulego bana ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta zerbitzu ibiltaria ere badu hainbat udalerritan.
Ikasgeletan eraso transfobikoak ugaritu direla salatu dute sindikatuek eta hezkuntza kolektiboek
Bestalde, LAB eta STEILAS sindikatuek, hezkidetzarekin, pedagogia feministekin eta sexu-hezkuntzarekin lotutako kolektibo eta eragileekin batera (IKAMA, Gazte Feministak, Hiruki Larroxa, Parean Elkartea edo Sorginlore, besteak beste), ikastetxeetan eraso transfobikoak ugaritu egin direla salatu dute, eta Nafarroako eta Euskadiko Hezkuntza sailei baliabide eta estrategia gehiago eskatu dizkiete “ikasgela libre eta seguruak” bermatzeko.
LGTBIQ+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean zabaldu duten manifestuan ohartarazi dutenez, diskurtso “transfobo eta baztertzaileak” gero eta leku handiagoa hartzen ari dira jendartean, “autoritarismoarekin eta faxismoarekin” lotutako mezu erreakzionarioen gorakadak markatutako testuinguru batean.
Egoera horrek “eragin zuzena” duela hezkuntza-komunitatean nabarmendu dute, eta ohartarazi dute azken hilabeteetan eraso transfobikoak gertatu direla ikastetxeetan, eta ez dagoela horiei aurre egiteko “baliabide egokirik edo estrategia zehatzik”.
Testuak, gainera, “saiakera antolatuak” daudela salatzen du, gorroto-diskurtsoen bidez jarrera transfobikoak elikatzeko, hezkuntza-inguruneen barruan zein kanpoan, eta Bilbon eta Donostian egindako hitzaldiak edo ikastetxeetara bidalitako gutunak aipatzen ditu adibide gisa.
Giza eskubideetan "mundu mailako atzerakada" dagoela ohartarazi du EBk
Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, Europar Batasunak (EB) "giza eskubide unibertsaletan atzerapauso globala" dagoela ohartarazi zuen atzo, larunbata, eta herrialde guztiei eskatu zien sexu bereko pertsonen arteko harremanak zigortzen dituzten legeak indargabetzeko.
"Giza eskubide unibertsaletan atzerakada globala ikusten ari gara. Diskriminazioa areagotzen ari da, baita sexu orientazioagatik eta genero identitateagatik ere ", esan zuen Kaja Kallas EBko Atzerri Ministerioko goi ordezkariak ohar baten bidez.
Europako diplomaziaren buruak gaineratu zuenez, "65 herrialdek sexu bereko pertsonen artean adostutako sexu harremanak zigortzen dituzte oraindik, giza eskubideen nazioarteko eskubidearen urraketa argian", eta estatu guztiei eskatu zien lege horiek indargabetzeko eta LGTBI kolektiboko pertsonak diskriminatzen dituzten arau berrien onarpena gelditzeko.
Gaur, igandea, antzeko mezuak zabaldu dituzte bertako Gobernuk, erakunde eta instituzioek.
Zure interesekoa izan daiteke
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia heldu da, eta programazioaren zati handi bat kolokan dago, greba dela eta
Blusen eta nesken koadrilek Andre Maria Zuriari egindako lore eskaintza eta aurreskua izango dira asteazken honetan Gasteizko jaietako egun nagusiko ekitaldi nagusiak. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du dagoeneko, eta programaren beste ekitaldi batzuk zalantzan mantentzen ditu.
69 urteko motozale bat hil da Gaubean, auto baten aurka talka eginda
Istripuaren ondoren, Txagorritxuko Ospitalera eraman dute zauri larriekin, eta han hil da ordu batzuk geroago.
Martxoaren 3ko sarraskia gogoan, Zeledonek hasiera eman die Ama Zuriaren jaiei
Baskoniaren ordezkariek suziria piztu eta Zeledon jaitsita, festa lehertu da Gasteizen, Andra Maria Zuriaren plaza gainezka zegoela.
Gizon bat hil da Lizarran, balkoi batetik erorita, Poliziarengandik ihesi zihoala, genero-indarkeria kasu baten ostean
Ikerketaren arabera, hildakoa laugarren solairutik erori da balkoi batetik bestera igarotzen saiatzen ari zela, agenteak Santiago plazako etxebizitza batera iritsi direnean. Bertan, emakume batek eraso baten berri eman du. Auzia sekretupean dagoenez, ez dute emakumearen egoeraz informatu.
Uharteko parrokoak "Rabat bonbardatzea" eta migratzaileei suarekin erantzutea proposatu du
Javier Aizpun apaizak hainbat mezu argitaratu ditu X sare sozialean Ceutako migrazio krisiaren inguruan, eta Marokoren eta migratzaileen aurkako muturreko neurri gogorrak proposatu ditu.