Abusuko harrapaketa 'indarkeria matxistak eragindako hilketa' izan zen
"Indarkeria matxistaren" ondorioz hil zen Leyre Rodriguez, abuztuaren 8an Abusun auto batek harrapatuta zendu zen 34 urteko emakumea, Bilboko Udalak adierazpen batean salatu duenez. Bilboko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak "hilketa matxista" gaitzetsi eta "genero indarkeriaren ondorioz tragikoki hil den Leyre Rodriguezen heriotza" deitoratu du asteazken honetan.
Emakumeak bi seme-alaba zituen eta banandu berria zegoen; ustez, senar ohiak harrapatuta hil zen. Hain justu, Poliziarekin jazotakoa ikertzeko hitzordua zuen egun berean, bere burua trenbidera bota omen zuen gizonak eta oso larri dago.
Asteazken honetan, bestalde, gizon bat atxilotu dute, hilketarekin harira.
Leyre Rodriguezen hilketa salatzeko, elkarretaratzea deitu du Arrigorriagako Udalak (biktima udalerri horretan bizi zen), Abusuko zentro giza-kulturalean, ostegunerako, 12:00etan.
Emakumeen Mundu Martxak ere elkarretaratzeak deitu ditu ostiralerako, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, indarkeria matxistaren kontra.
Hasieratik, hipotesi guztiak mahai gainean
Abuztuaren 8an, goizaldeko ordu bat eta erdiak aldera, emakume gazte baten gorpua aurkitu zuten Abusun, Bilboko auzi hori Arrigorriagarekin lotzen duen errepidean. Hasierako hipotesiaren arabera, ihes egin zuen ibilgailu batek harrapatu zuen.
Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak ikerketa abiatu zuten elkarrekin, gertatutakoa argitzeko, eta, lehen aurreikuspenen arabera, istripua zein nahita eragindako harrapaketa izan zitekeen. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ikertzen jarraitu dute, eta ez dute hipotesirik baztertu. Emakumea senar ohiak harrapatu izana zen hipotesi horietako bat.
Gorpua aurkitu zuten tokian bildutako arrastoez gain, biktimaren gertukoak ere ikertzen aritu dira. Senar ohiaren testigantza, beraz, oso kontuan hartzekoa modukoa zen.
Ikerketa-lerro horretan sakondu eta argitu beharreko guztiak argitzeko, gizonezkoa Ertzaintzaren Polizia Zientifikoak Erandion dituen bulegoetara deitu zuten, asteartean, goizeko bederatzietan, ibilgailua arakatzeko prozesuan presente egon zedin, abokatuarekin batera. Senar ohia, baina, ez zen agertu.
Trenbidera bota zuen bere burua gizonak, Ollarganen
Hiru ordu geroago, 12:00ak aldera, jakin zuten merkantzia-tren batek gizon bat harrapatu zuela Ollarganen.
Berehala jakin zuten ikertzaileek trenbidean oso larri zaurituta aurkitu zuten gizonezkoa hildako emakumearen senar ohia zela. Trenak eragindako zauriez gain, hainbat ebaki zituen eskumuturretan, eta odol-zantzuak zituen aizto bat aurkitu zuten haren ondoan. Ospitalean dago, oso larri.
Bilboko Udalak "zorigaiztoko hilketa" gaitzetsi eta salaketarako deia egin du
Hilketa matxista izan zela baieztatu denean, Bozeramaileen Batzordea deitu du Bilboko Udalak, EH Bilduk, Goazen Bilbaok eta Udalberrik hala eskatuta. Juan Maria Aburto Bilboko alkateak bilkuraren ostean nabarmendu duenez, Batzordeak "hilketa matxista" gaitzetsi eta "genero indarkeriaren ondorioz tragikoki hil den Leyre Rodriguezen heriotza" deitoratu du. Horrez gain, Udalak herritarrei eskatu die "emakumearen aurkako edozein indarkeria-adierazpen" salatzeko.
Bilboko alkateak irakurri du udal-talde guztiek adostutako adierazpena. Bertan, "beste emakume baten heriotza" gaitzetsi dute, Leire Rodriguezena, alegia, "tragikoki eraila, genero-indarkeriako egoera tamalgarriaren biktima izatearen ondorioz".
"Udalak gertaerak eragindako samina eta ezin ulertua adierazi nahi du, eta biktimaren senideei eta lagunei sostengua helarazi", dio testuak. Halaber, Bilboko herritarrei gogorarazten die "egoera horiek gure gizartean eta gure eguneroko bizimoduan txertatuta daudela".
"Leireren heriotza genero-indarkeriaren adierazpenik larriena da, baina egunez egun asko dira emakumeen kontra zuzentzen diren jarrerak eta adierazpenak, eta horiek guztiak gaitzestekoak eta arbuiatzekoak dira", zehazten du.
Hortaz, nabarmentzen dute "aldez edo moldez emakumeen kontra zuzentzen den indarkeria haien duintasun eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako atentatua" dela, hots, "giza-eskubideen urraketa larria eta onartezina". Ildo horretan, herritarrak deitzen dituzte "jarrera hartzera emakumeen kontrako adierazpen bortitzen kontra, onartu gabe eta isilik egon gabe, eta biktimen aldeko sostengua adieraziz".
Bilboko Udalak parte hartuko du ezbehar honen aurka deitutako gaitzespeneko ekitaldi instituzionaletan, eta doluminak eman nahi dizkie Leire Rodriguezen senide eta lagunei, "zentzugabekeria honen biktimak direlako".
Alkateak azaldu duenez, Bilboko Udalak biharko elkarretaratzean parte hartuko du.
Eudel ere bertan izango dela iragarri du.
Emakundek ere gaitzetsi egin du hilketa
Emakundek ''erabat gaitzetsi'' du Leire Rodriguezen ''hilketa'', ''behin Segurtasun Sailak baieztatu ostean zantzu guztien arabera genero indarkeria kasu bat dela''. Horrez gain, bat egin du Arrigorriagako Udalak deitutako elkarretaratzearekin, eta bertan izango da Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria.
Ohar baten bidez, Emakundek berretsi egin du ''emakumeen kontrako indarkeria gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunen sinbolorik bortitzena'' dela, eta azpimarratu egin du ''berdintasunaren alde lan egitea dela indarkeria mota hau prebenitzeko modurik eraginkorrena''.
Ildo horretan, herritarrei dei egin die ‘’mota honetako indarkeriaren aurrean gaitzespena’’ agertzera, eta gogoratu du gizarte osoaren erantzukizuna dela emakumeen kontrako indarkeriaren kontra borroka egitea
Elkarretaratzeak
Ostegun honetarako Arrigorriagan deitutako elkarretaratzearekin batera, Emakumeen Mundu Martxak protestak deitu ditu ostiralerako, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, indarkeria matxistaren kontra.
"Indarkeria matxistaren beste biktima baten aurrean gaude, eta erabat gaitzesten dugu hilketa berri hau. Euskal Herrian jada lau hilketa izan dira aurten, eta, dakigun moduan, izugarrizkoa da indarkeria sexista kasuen zenbatekoa uda honetan'', adierazi du kolektiboak ohar batean.
Donostiako elkarretaratzea 19:00etan izango da, Bulebarrean; Gasteizkoa, 19:30ean, Ama Zuriaren plazan; Bilbokoa, berriz, 20:00etan, Arriagan; eta Iruñekoa 20:00etan, udaletxearen plazan.
________________________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.
Zure interesekoa izan daiteke
Basauriko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute ostiral arratsaldean, talde feministek deituta
2026an bi dira jada Euskal Herrian hildako emakumeak, eta horrek agerian uzten du, euren ustez, indarkeria matxistak jarraitzen duela gizarteko gaitz nagusietakoa izaten. Basauriko Asanblada Feminista eta Emakumeok Bat Koordinadora (Basauriko Emakume Elkarte eta Elkarte Feministen Federazioa) talde feministek deitu dute elkarretaratzea.
Itzurun hondartza, mikroplastikoz beteta
Azken egunotako denboraleen ondorioz, mikroplastikoz beteta agertu zen atzo Zumaiako Itzurun hondartza. Naiara Malave Euskal Kostaldeko Geoparkean lan egiten duten Begi Bistan-eko kideak azpimarratu du arazoa mundu mailakoa dela, eta azken hamarkadetako plastikoaren gehiegizko erabileraren ondorioetako bat.
Gizon bat atxilotu dute Basaurin, bikotekidea hiltzea egotzita
Biktima, 44 urteko emakume bat, ondoezik jarri ostean hil zen. Medikuek egindako lehen azterketen arabera, indarkeria zantzuak zituen. EITBk galdetutako ikerketaren iturrien arabera, atxilotuak askotan urratzen zuen urruntze agindu bat zegoen.
Asier Iragorri, Basauriko alkatea: "Gaur egun ere entzuten dira indarkeria matxista existitzen ez dela dioten diskurtsoak"
Basauriko alkateak "irmo" gaitzetsi du udalerrian gertatutako hilketa matxista, eta deitoratu du oraindik ere herritarren artean diskurtsoak entzuten ari direla indarkeria matxista "ez dela existitzen" edo arazoari garrantzia kentzen diotela esanez. Horregatik, uste du arlo guztietatik lan egin behar dela gaiari heldu ahal izateko.
Azpeitiko sutean kaltetutako bi lagunek alta jaso dute eta beste bizileku bat eman diete
Sua arratsaldean piztu zen, bigarren solairuan, eta kalte handiak eragin zituen. Udal teknikariek eraikinaren egoera aztertu behar dute, sutea zerk eragin duen ikertu eta hartu beharreko neurriak zehazteko.
Aldaketak Bilboko trafikoan datorren astelehenean, Itzulia Basque Country dela eta
Lasterketaren lehen etapak, Bilbon hasi eta amaituko den 13,9 kilometroko erlojupekoak, trafiko etenak, aparkaleku murrizketak eta garraio publikoan aldaketak eragingo ditu.
50.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena jada Osakidetzako EPEn
EITBk jakin duenez, lehen bederatzi kategorietarako izen-emateak erritmo altuari eutsi dio hasieratik, apirilaren 22ra arte irekita dagoen prozesuan.
19 eta 21 urte bitarteko bost gazte atxilotu dituzte Gasteizen adingabe bat sastatzeagatik
Adingabea Txagorritxuko ospitalera eraman dute. Atxilotuak hilketa saiakera delitua egotzita atxilotu dituzte, eta polizia-etxera eraman dituzte. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
Eneko Axpe: “Misio hau abiapuntu da Ilargian azpiegitura eraiki eta gizateria Martera joateko”
Artemis II misioa abiapuntua baino ez da Ilargian bizitzeko azpiegitura eraiki eta gizakia bertako baldintzetara egokitzeko ikerketak egiteko. Azken helburua, baina, Martera iristea da, Eneko Axpe fisikariak eta NASAren kolaboratzaileak azaldu duenez.
Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz
Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.