Ikara Europan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Nondik dator ‘pailazo hiltzaileen’ fenomenoa?

AEBk eta Europak fenomeno beldurgarri horren berpiztea bizi dute. Duela bi urte agertu ziren Frantzian, eta Espainian kasu ugari aztertzen ari ditu Espainiako Polizia Nazionalak.
18:00 - 20:00
Pailazo hiltzaileen txantxa segurtasun kontua bilakatu da AEBetan

Urriaren 31n Halloween jaia ospatuko da munduko herrialde askotan. Data esanguratsu hori gerturatzen ari denean, “pailazo hiltzaileen” edo “pailazo beldurgarrien” fenomenoak mugak gainditu ditu eta benetako arazoa bihurtu da Europa osoan.

Azken asteotan puntaren puntan dagoen moda bihurtu da. Dena den, fenomeno hori ez da berria, izan ere, pailazoz mozorrotutako pertsonak duela bi urte Frantzian hasi ziren oinezkoei zein gidariei txantxak egiten edota herritarrak ikaratzen. Geroago, mozorro horiekin egindako txantxak YouTubera igotzen zituzten. Aurten Ameriketako Estatu Batuetan agertu dira lehenbizi, baina fenomeno horrek mugak gainditu ditu arrapaladan eta herritarrak beldurtzea helburu duten pailazoak joan-etorrian dabiltza Europa osoan zehar. Orain, “pailazo hiltzaileen” txantxa segurtasun kontua bilakatu da eta atxilotuak ere izan dira.

Gizartean hedatu den beldur handiaren aurrean, Espainiako Polizia Nazionalak “lasaitasunezko” mezua bidali die herritarrei. Izan ere, sare sozialen bidez Zaragozan (Aragoi), Paternan (Valentzia), Badajozen (Extremadura), Gasteizen eta beste hiri batzuetan pailazoz mozorrotutako pertsonak agertu direla zabaldu dute erabiltzaile askok.

Arrazoi horregatik, sare sozialetan irekita dauden profilak ikertzen ari dituela jakinarazi du Poliziak, kontu horiek sortu dituzten erabiltzaileek deliturik egin duten argitzeko.

Agintariek ez dute fenomeno hori azaldu dezakeen azalpenik aurkitu, baina pailazoz mozorrotzeko fenomenoa 2014an hasi zenean, DM Pranks erabiltzaileak YouTubera igotako bideoak aztertu zituzten.

Facebooken, 670.000 jarraitzaile baino gehiago ditu DM Pranks kontuak eta erabiltzaile askok partekatu dituzte bideo horiek.

Era berean, DmPranksProductions erabiltzaileak igotako bideoetan ezkutuko kamerak erabiliz oinezkoei zein gidariei egindako txantxak ikus daitezke. 2013tik, 600 milioi bisita lortu ditu.

Berpiztea 2016an

Jendea beldurtzeko asmoa zuen lehen pailazoa abuztuan agertu zen Greenvillen, Hego Carolinan (AEB). Kasu horretan, pailazoz mozorrotutako pertsona batek haurrak eta gazteak ikaratu zituen, baso baten ondoan.

Hasieran, Rob Zombie zuzendariaren “31” pelikularen promozio bat izan zitekeela esan zuten.

Urriaren 6an, Kanadan, Torontoko Poliziak ikerketa bat hasi zuen. Izan ere, “Clown in the 6” (Pailazoak seigarrenean) izeneko talde batek hiri horretako ikastola batzuei mehatxu egin zien sare sozialen bidez.

Azken asteotan, Europako hiri desberdinetan izan diren kasu ugari ezagutu dira. Alemanian eta Suedian esaterako, “pailazo hiltzaileek” labanak, aizkorak edota motozerrak erabili zituzten oinezkoak beldurtzeko.

Orain arte ezagutu den kasurik larrienetakoa urriaren erdialdean izan zen Varbergen, Suediako mendebaldean. Pailazoz mozorrotutako gizon batek gazte bati sastakaia sartu zion sorbaldan eta, hitzik esan gabe, bertatik ihes egin zuen.

Sarre estatuan, Frantziak eta Luxenburgok bat egiten duten tokian, pailazoz mozorrotutako pertsona batek metroan zihoazen bidaiariak ikaratu zituen aizto batekin. Bertatik jaitsi zenean, jendea beldurtzen jarraitu zuen.

Joan den asteburuan txirrindulari bat zauritu zen Alemaniako Akisgran hirian, pailazo batek ezustekoa eman eta lurrera erori ostean.

Beste pailazo batek auto gidari bat ikaratu zien Frederiksvaerk-en, Kopenhage iparraldean (Danimarka).

Herritarrei beldurra sortzen dien fenomeno horren ondorioz, salaketak ugaritu dira. Gainera, pertsona asko pailazo horiei aurre egiten hasi dira. Astelehen honetan, Berlinen, pailazoz mozorrotutako 16 urteko gaztetxo bati labankada bat eman zion 14 urteko mutiko batek, hura beldurtzen saiatu baitzen.

Beste toki batzuetan, gainera, Utah-n esaterako (AEBko erdi-mendebaldeko estatua), pailazoei tiro egitea debekatuta dagoela gogoratu behar izan die herritarrei Poliziak.

Gauzak horrela, pailazo profesionalek baita beldurrezko eleberrien idazleek ere, tartean Stephen Kingek, “pailazo hiltzaileen” fenomenoaren kontra agertu dira.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

3.000 pertsona inguru bildu ditu Osasun Bidasoak Irunen, kalitatezko osasun-zerbitzu publikoak eskatzeko

Bidasoako bizilagunek osasun publikoan premiazko hobekuntzak egin beharra daudela ohartarazi dute berriz ere larunbat honetan Irunen. Izan ere, Bidasoa Ospitalean eta eskualdeko lehen mailako arretako zentroetan kolapsoa izateko arriskua dagoela salatu dute. Deitzaileek gogora ekarri dutenez, duela urtebete 12.000 pertsona bildu ziren, pediatriako larrialdiak eta haur eta gazteen psikiatria zerbitzuaren itxiera salatzeko, eta egoerak ez duela hobera egin adierazi dute.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskararen aldeko aldarria goizean goizetik Iruñean, Euskaltzaleon Martxaren aurretik

Euskararen aldeko mobilizazio handia egingo da gaur Iruñean Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. 17:00etan hiru zutabe abiatuko dira hiriko hiru puntutatik, eta bakoitzak mezu bat eramango du: euskararen ofizialtasun osoa eskatu, hizkuntza politiketan jauzia emateko premia aldarrikatu, eta euskaltzaletasuna azpimarratzeko. Aurrez, hainbat ekintza daude martxan goizetik Nafarroako hiriburuan.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X