Palestinarekin Elkartasuna taldeko aktibistak identifikatu dituzte, CAFen Beasaingo lantegirako sarbidea oztopatzeagatik
Protesta modu baketsuan egin dute CAFen fabrikara sartzeko zubian. 30 bat gaztek eserialdia egin dute, eta ibilgailuei bidea moztu diete. Ondorioz, identifikatu egin dituzte, baina ez dute inor atxilotu.
Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu ditu larunbat goizean Beasainen, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta CAF konpainiaren instalazioetan sartzea oztopatzeko eserialdi baketsuan. "Palestinako herriaren aurkako genozidioan CAFek duen konplizitatea" salatu dute protesta horretan.
Eserialdia modu baketsuan egin dute CAFen fabrikara sartzeko zubian. 30 bat gaztek eserialdia egin dute, eta ibilgailuei bidea moztu diete. Ondorioz, identifikatu egin dituzte, baina ez dute inor atxilotu.
Protesta 11:30erako deitu dute, eta, ordu horretatik aurrera, CAFeko akziodunen batzarreko kideak eraman dituzten ibilgailuek handik gertu utzi behar izan dituzte. Hala, oinez sartu behar izan dute egoitzara, ertzainek lagunduta.
Palestinarekin Elkartasunak ohar batean salatu duenez, Jerusalem okupatua eta israeldarren koloniak lotzen dituen trenbidearen garapenean parte hartzen ari da CAF, "horrela, lurralde palestinarra legez kanpo kolonizatzen eta komunitate palestinarrak isolatzen lagunduz".
Halaber, gogorarazi du Nazio Batuen Erakundeak berak CAF Israelek okupatutako lurralde palestinarretan lan egiten duten enpresen zerrendan sartu zuela. "Palestinako herriaren aurkako genozidioarekin lotutako jardueretatik etekina ateratzen dute" zerrenda horretan sartutako guztiek.
Harremanak hausteko eskaera
Palestinarekin Elkartasuna taldeak Tel Aviveko eta Jerusalemgo tranbiak eraikitzeko Saphir enpresa israeldarrarekin dituen kontratuak salatu ditu ohar batean. Horren arabera, proiektu horiek Israelgo ekonomia indartzen eta Palestinako lurraldeen okupazioa sendotzen laguntzen dute.
Gaurko protestaren deitzaileek kritikatu egin dute enpresak aurreikusitako dibidenduetan 52 milioi euro banatu izana, eta dirutza hori “onura kriminala” dela salatu dute, Israelekin lotutako jarduerek eragindakoa dela iritzita.
Manifestariek, gainera, Eusko Jaurlaritza aipatu dute konpainian akziodun gisa duen partaidetzagatik (% 3), eta ardura politikoa egotzi diote zalantzan jarri dituzten proiektuak babesteagatik. Horregatik guztiagatik, Israelekin harreman ekonomikoak eteteko ere eskatzen dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Israelekin lotura ekonomikoak dituzten eta lurralde palestinarren okupazioari eusten laguntzen duten euskal enpresa eta erakundeen aurkako salaketa kanpaina zabalago baten baitan kokatzen da mobilizazioa.
Halaber, Amnistia Internazionalak Jerusalemgo tren arinaren proiektutik "jaisteko" eskatu dio CAFi, Israelgo lurraldea okupatutako lurralde palestinarrean legez kanpoko kokaguneekin lotzen duelako.
Amnistia Internazionaleko ordezkariek dei hori egin diote CAFi, enpresak Beasainen duen egoitzaren aurrean egin duten elkarretaratzean, bertan gaur egiten ari diren akziodunen batzarraren atarian. Ertzaintzak dispositibo berezia jarri du konpainiaren instalazioetarako sarbideak kontrolatzeko.