Espainian aktibo dauden sute handien bilakaera ona dela eta, murrizketak kentzen hasi dira hainbat eremutan
Azken datuen arabera, suteek 50.000 hektarea inguru kiskali dituzte Avilan, 28.000 bat Madrilen eta 8.500 inguru Castellon.
Avilan piztutako suteetako batek utzitako irudia. Argazkia: Europa Press
Azken egunotan Espainian piztutako suteen egoera zerbait baretu da gaur, eta horrek hainbat lekutan ezarrita zeuden murrizketak bertan behera uztea eragin du. Hala, Madrilgo Erkidegoko, Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako eta Castelloko hainbat udalerritako herritarrak etxera itzultzen hasi dira.
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak zabaldutako aginduaren arabera, Madrilgo zortzi herritan eta Avilako bostetan arratsaldean amaitu da aktibatuta zegoen konfinamendua. Orotara, mila herritar egon dira euren bizilekuetatik kanpo azken orduotan.
Zehazki, Madrilgo Erkidegoan, honako herri hauetan kendu dituzte murrizketak: Cadalso de los Vidrios, Cenicientos, Navalagamella, Navas del Rey, Rozas de Puerto Real, Aldea del Fresno, Chapineria eta Colmenar del Arroyo.
Avilan, berriz, hauetan: Fresnedilla, Burgohondo, Higuera de las Dueñas, Pedro Bernardo eta Navaluenga Sur.
Valentzia
Bestalde, Valentziako Generalitateak ere konfinamendua kendu du gaur Castelloko La Vall d'Uixo herrian.
Iturri horrek jakitera eman duenez, suteek kaltetutako gainerako udalerrietan ere gaur gauerditik aurrera bertan behera geratuko dira ezarritako ebakuazio eta konfinamendu neurriak.
Toledo
Halaber, Toledon aktibatuta zegoen larrialdi nazionalaren agindua kendu egingo dutela esan du Barne Ministerioak, eta Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako presidenteak azaldu du 3tik 2ra jaitsi dela larrialdi maila.
La Iglesuela del Tietar eta Sartajada herrietan zeuden ezarrita murrizketak.
Almeria
Almeriako Los Gallardos herrian izandako suteari dagokionez, hango agintariek jakinarazi dute Sevillako ospitale batean erredura larriekin ingresatuta zegoen emakumea hil egin dela. Orotara, 14 pertsona zendu dira suak eragindako kalteen ondorioz.
Sutea uztailaren 9ko arratsaldean piztu zen Almocaizar inguruan, Los Gallardos udalerrian, eta Bedar, Lubrin, Antas eta Sorbasko lurretara hedatu zen.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak