La Vall d'Uixóko konfinamendua bertan behera utzi dute, baina gainerako herrietako ebakuazio neurriak mantendu
Castelloko sutearen laugarren eguna da. Haizea ahul dabil eta ikuspen arazoak eragiten ari da, Aemeten arabera. Dagoeneko 8.500 hektarea kiskali dira.
Castello probintziako sutea itzaltzeko lanak. Argazkia: EFE
Valentziako Generalitateak bertan behera utzi du duela lau egun piztutako sutearen ondorioz La Vall d'Uixón ezarritako konfinamendua.
Valentziako 112 larrialdi zerbitzuak jakinarazi duenez, suak kaltetutako gainerako udalerrietan ebakuazio- eta konfinamendu-neurriak mantenduko dira, astearte honetako 23:59ak arte.
Gaur goizean hainbat aire-baliabide lanean ari dira sutea kontrolatzeko, iturri horien arabera. Oraingoz, suak 72 kilometro inguruko perimetroa du eta dagoeneko 8.500 hektarea kiskali ditu.
Zelako eguraldia izango dute gaur Castellon?
Castelloko Vall d'Uixon piztutako suteak laugarren eguna du gaur. Haizea ahul dabil eta suak ikusgarritasun arazoak eragin ditu, Aemetek jakinarazi duenez.
Iturriek adierazi dutenez, gaua lasaia izan da meteorologiaren aldetik; 10 km/h-ko haize ahulak izan dira mendilerroetatik sutearen eremuetaraino. Sutearen esparruan bertan, hezetasuna % 80 ingurukoa da (% 90etik gorakoa mendi eremuetan), eta tenperatura, berriz, 20º-koa beheragoko guneetan, eta 18 °C ingurukoa mendietan.
Gainera, tenperatura-alderantzikatzeak izan dira behe-geruzetan gauean, erradiazioak eragindako hotzaren ondorioz. Goizeko lehen orduko haize ahularekin batera, baliteke sutearen eremuko ikusgarritasuna eta aire-kalitatea baldintzak "onak ez izatea", Aemetek ohartarazi duenez.