Belgikako Justiziak ez du onartu Valtonyc Espainiara automatikoki estraditatzea
Ganteko lehen instantziako epaileak astearte honetan erabaki du ez onartzea Josep Miquel Arenas 'Valtonyc' rap-kantaria Espainiara automatikoki estraditatzeko eskaria, eta irailaren 3ra arte atzeratu du horren aurkako euroaginduaren gaineko erabakia, Fiskaltzaren alegazioak noiz jasoko dituen zain.
Oporraldian zaintza-lanetan dagoen epaileak bi astez atzeratu du bista, defentsaren argudioak eta Fiskaltzaren alegazioak jaso ahal izateko. Hala jakinarazi dute Mallorcako rap-kantariaren abokatuetako bik, Simon eta Paul Bekaertek, hain zuzen. Paul Bekaert Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuaren presidente ohiaren abokatua ere bada.
Espainian, hiru urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote Valtonyci, terrorismoaren apologia egin, Espainiako Koroa iraindu eta mehatxuak egin izana egotzita. Ganteko Justizia Jauregian 09:16an azaldu da (07:16, GMT) eta 10:30ean irten (08:30, GMT).
"Epaileak eta defentsak esandakoak kontuan izanik, printzipio-kasua da, askatasun-adierazpenekoa, eta idatzizko erantzuna izan behar du; ondorengo egunotan emango da erantzun hori", esan du Simon Bekaert abokatuak. Horren iritziz, euroagindua aztertzen ari den epaileak bista berriro atzeratzea erabakitzeko "aukera txikia" dago.
Dena den, Valtonycen abokatuak ez du baztertu epaileak azkenean estradizioaren alde egitea, eta apelazioa ere egotea; horrek kasua instantzia nagusiago batera igoko luke.
"Ez dute onartu automatikoki estraditzatzea, eta eztabaidatu egin behar da; horrek esan nahi du kasua indarra hartzen ari dela, eztabaidatu egingo dela, Justizia bat egon badagoela; espero dezagun Justizia hori independentea izatea", adierazi du rap-kantari gazteak, bista amaitutakoan. Berak ez du adierazpenik egin bista horretan.
"Ez dago egozte bikoitzik"
Defentsak argudiatzen du ez dagoela estradizioa gauzatzeko eskatzen den egozte bikoitzik, hau da, bi estatutan (auzipetua dagoen estatuan eta hartu beharko lukeen horretan) delitu bera berdintsu tipifikatuta egotea.
Printzipio hori aplikatzen da euroaginduak tramitatzeko, delituak ez badaude estradizio automatikoa ekartzen duten 32 kategorietako zerrendan. Hala zehazten du Europar Batasunaren ordenamendu juridikoak, eta, besteak beste, delitu hauek daude zerrenda horretan: terrorismoa, ustelkeria, iruzurra eta bahiketa. Kartzela-zigorrak, berriz, gutxienez, hiru urtekoa izan behar du.
Atxilotzeko agindu europarra zerrenda horretan ez dagoen delituren batekin lotuta balego, herrialde hartzaileko epaileak aztertu beharko luke egozte bikoitzaren printzipioa, eta estradizioa ukatzeko aukera izango luke, ezer zigorgarririk ez dagoela iritziko balio.
"Ikuspuntu judizial eta teknikotik, uste dugu ez dagoela estradiziorako tokirik; izan ere, Belgikan existitzen ez diren zenbait deliturengatik dago zigortuta", jakinarazi du defentsako abokatuak.
Koroa iraintzearen delitua badago Belgikan, baina, defentsaren iritziz, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak kontuan izanik interpretatu beharko litzateke.
2018ko martxoan, auzitegiak Espainiaren aurkako epaitza eman zuen; izan ere, ondorioztatu zuen errege-erreginen argazki bat erretzeak ez duela urratzen adierazpen-askatasuna, eta, hortaz, hori 2007an egin zuten bi lagunek jasandako kartzela-zigorra "esku-sartze neurrigabea da".
Egun, Ganten bizi da
Mallorcako rap-kantaria ez zen aurkeztu Auzitegi Nazionalaren aurrean, maiatzaren 24an. Egun horretan amaitu zen Espainiako Justiziak kartzelan sartzeko emandako epea, baina Espainiatik alde egitea erabaki zuen.
Hainbat hilabetez, inork ez zekien non zegoen, eta, azkenean, prentsaurreko batean berragertu zen; bertan jakinarazi zuen Ganten bizi zela. Informatikari gisa ari da lanean Belgikako hiri horretan, eta hainbat musika-proiektu prestatzen jarraitzen du.
Espainiako Auzitegiak bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen (Espainia, Europa eta nazioarte-mailako agindua da), eta Mendebaldeko Flandriako Fiskaltzak onartu egin zuen; hortaz, kasua Belgikako Fiskaltzaren esku geratu zen.
Uztailaren 5ean, Belgikako instrukzio-epaile batek erabaki zuen Valtonyc baldintzapeko askatasunean uztea. Beste epaile batek, baina, balizko entrega aztertu behar zuen, eta, ondorioz, ezin da Belgikatik irten.
Zure interesekoa izan daiteke
Deabruek sutan jarri dute Korrika Debagoienean barrena
Lekittoko Deabruak kale antzerki taldeak hartu du lekukoa Oñatitik Bergarara bidean, eta hankaz gora jarri dute ibilbidea su eta txinpartekin.
Ordu aldaketa: Bueltan da udako ordutegia
Martxoaren 28tik (larunbata) 29ra (igandea) bitarteko goizaldean, 02:00etan ordua aldatu egin beharko da, eta 03:00ak izango dira. Atseden hartzeko ordubete gutxiago egongo da. Egungo ordutegi ereduarekin jarraitzeko beharrak eztabaida sortzen du, batez ere bi arrazoi garrantzitsu direla eta: Osasuna eta energia kostua.
Israelgo taldeen aurkako partidak bertan behera uzteko eskatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak Gasteizen
Ehunka lagun atera dira gaur Gasteizko kaleetara, Baskoniak Hapoel Tel Aviven aurka jokatu beharreko kanporaketa eta apirilaren 7an Maccabiren kontrakoa bertan behera uztea eskatzeko. Palestinarekin Elkartasuna plataformaren arabera, Israel “genozidioa zuritzeko” erabiltzen ari da saskibaloia, eta ez da nahikoa Buesa Arena hustea: Israelekin harreman guztiak etetea aldarrikatu dute, baita kirol arlokoak ere.
Santanderreko pasabidearen egoeraz jakinarazteko abisua jaso zuen 112ko kudeatzailea ikertuko dute
Erabaki horren helburua da langileari defentsarako eskubidea bermatzea, iturri judizialek azaldu dutenez.
Osasun Ministerioak erkidegoekin adostu du bitartekari bat izendatzea medikuen Greba Batzordearekin negoziatzeko
Sindikatuek eta Ministerioak zehaztu eta onartu beharko dute nor izango den bitartekari hori.
Medikuen grebak 300.000 pazienteri eragin die Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren arabera
Protestaren ondorioz, gainera, Osakidetzako itxaron-zerrenda kirurgikoa 15 egun luzatu da, 67 egunera arte.
Medikuek Aste Santuaren ondoren greba bertan behera utziko dutela uste du Osasun ministroak
Monica Garcia Osasun ministroaren arabera, Ministerioak agindutakoa bete du eta orain sindikatuei dagokie greba bertan behera uztea.
Minbizi ginekologikoa eta bular minbizia izango dira aurtengo EITB Maratoiaren kausa
EITBk BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioarekin eta minbizi ginekologikoko eta bular minbiziko elkarteekin batera aurkeztu du maratoia. Urtero legez, EITBren elkartasun ekimenak bi ildo izango ditu: ikerketarako dirua biltzea eta gizartea sentsibilizatzea.
49 urteko emakume bat hil da Sestaon, sukaldean erredura oso larriak egin ostean
Biktima Iberia kaleko etxebizitza batean zauritu zen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten, baina hil egin da.
Gutxienez 4 kilometroko auto-ilarak izan dira AP-8 autobidean Zornotzan, bi errei ixtea eragin duen istripu baten ondorioz
Zirkulazioak arazo handiak izan ditu Irunerako noranzkoan, 95. kilometroan. Istripuaren ondorioz, bi errei itxi behar izan dituzte.