21. edizioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Munduko 28 hiritan ere, korrika euskararen alde

Herrialde batzuetan dagoeneko ospatu dira Korrikaren inguruko festak, martxoan zehar ere izan baitira. Dena den, ia guztiak, apirilaren 4tik 14ra egingo diren egun bakarreko ekintzak dira.
Munduko 28 hiritan ere, korrika euskararen alde.
Munduko 28 hiritan ere, korrika euskararen alde. EITBko bideo batetik ateratako irudia.

Korrikaren 21. edizioa apirilaren 4ean abiatuko da Garestik (Nafarroa). Hurrengo 10 egunetan Euskal Herri osoko errepideak zeharkatuko ditu lekukoak Gasteizera iritsi arte. Baina, beste behin ere, Korrikaren mezua mundu osora zabalduko da, mundu osoan barrena baitaude euskararen alde Klika egin duten euskaltzaleak.

28 hiritan egingo da (batzuetan burutu da dagoeneko) lasterketa erraldoiarekin lotura duen ekimenen bat, Etxepare Euskal Institutuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Europan, 15 hiritan (Alemanian, Erresuma Batuan, Polonian…) eta 11 Hego eta Ipar Amerikan, nagusiki, Argentinan, AEBetan eta Txilen. Herrialde hauetan indar handia du euskal diasporak. Asian eta Ozeanian, berriz, Shanghain eta Sydneyn antolatu dituzte ekintzak bertako Euskal Etxeek.

Euren hirian Korrika antolatzeko ardura hartu duten taldeen jatorriak bi dira nagusiki: Euskal Etxeak eta unibertsitateak. Munduan zehar dauden Euskal Etxeek 16 Korrika antolatu dituzte. Etxepare Euskal Institutuak harreman estua du haiekin, Euskal Etxeetan euskara irakatsi dadin sustatzen baitu, bai Euskara Munduan programaren bidez, baita material didaktikoa bidaliz ere.

Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sarearen baitan berriz sei Korrika antolatu dira. Eta beste sei kasutan bi eragile hauen eta bertako euskal komunitatearen arteko elkarlanaren emaitza dira antolatutako ekimenak.

Euskal Herrian ez bezala, herrialde batzuetan dagoeneko ospatu dira Korrikaren inguruko festak, martxoan zehar ere izan baitira. Dena den, ia guztiak, apirilaren 4tik 14ra egingo diren egun bakarreko ekintzak dira.

Jai hauetako bakoitzak egitarau propioa du, baina gehientsuenek lasterketa, manifestuaren irakurketa, euskal kulturaren adierazpen ezberdinak (musika, dantza, jolasak…) eta jan-edanak izango dituzte euskararen aldarriari euren babesa emateko.

Etxepare Euskal Institutuaren helburua euskara eta euskal kultura mundu osoan zehar zabaltzea da eta hauxe bera da Korrikarekin duen elkarlanaren xedea: nazioartean euskararen inguruko mezua zabaldu eta indartzea.

Badira beste talde batzuek munduan zehar antolatu dituzten Korrika gehiago ere, besteak beste, Amsterdamen, Lisboan, Banyolesen, Noumea-Kanakyn, Grazen, Alacanten eta Munichen.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz

Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X