Ez, 5G teknologia ez da COVID-19aren eragilea
WhatsAppeko mezuen bitartez biral bihurtu den azken edukietako bat bideo bat da (YouTubetik ezabatu dute jada). Thomas Cowan izeneko ustezko mediku batek COVID-19ak eragindako pandemia eta 5G teknologia lotzen ditu bertan.
Maldita.es web-orrian (Euskal Irrati Telebista egunotan horrekin ari da harremanetan koronabirusari buruzko fake news edo albiste faltsuei aurre egiteko) dagoeneko aritu dira gai horri buruz, Maldito Bulo atalean. Bertan ondorioztatu dutenez, "pertsona horrek esaten duen ezer ez da egia eta ez dago horri eusteko inolako ebidentzia zientifikorik".
Hauek dira Maldito Buloko lantaldeak bildu dituen datuetako batzuk:
Aipatu bideoan, Cowanek esaten du, besteak beste, COVID-19aren egungo pandemia mundu osoan 5G sareak ezartzearekin lotuta dagoela, baina argudio hori "faltsua" da; izan ere, gaur egun, "ez da egia 5G sareak mundu osoan ezarrita daudenik", Maldito Bulokoek azaldu dutenez.
Gainera, Cowanen hitzetan, koronabirusaren krisia Wuhanen abiatu zen 5G teknologia ezarri zuen lehen hirietako bat izan zelako. Dena den, Maldito Buloren arabera, ez dago inolako ebidentziarik hori horrela izan zela esateko. Txinako Estatuaren hiru telekomunikazio enpresak 2019ko urrian iragarri zuten 5G teknologia jarri behar zutela zenbait hiritan, eta Reuters agentziak 2019ko urriaren 31n zabaldutako berri batean jaso zuenez, Pekin, Shanghai, Kanton eta Hangzhou zeuden horien artean, baina ez zuten Wuhan aipatu.
Halaber, Cowanen esanetan, gaitzaren foku nagusiak 5G telefono-antena gehien dituzten hirietan izan dira. Kutsatu gehien izan dituzten hiriguneen eta 5G antena kopuru handienaren arteko lotura hori egon badago, baina telefono-konpainiek antena gehiago jartzen dituztelako jende gehien bizi den tokietan.
COVID-19aren pandemia 5G teknologiak eragin duela esateko Cowanek aipatzen duen beste usteko proba bat da munduan izan duen hedapen azkarra. "Ez dago beste azalpenik. Nola heda liteke bestela Kansasen hasi eta Hegoafrikaraino bi astetan, eta nola azaleratu sintomak mundu osoan aldi berean?".
Hori ere gezurtatu dute Maldito Bulon: "2019ko abenduan izan genuen lehen aldiz gaitz honen berri, orain hiru hilabete, eta pandemiaren fase aurreratu batean badaude ere, egoera ez da bera herrialde guztietan: toki batzuetan suspertzen ari dira eta beste batzuetan gaitzaren hedapenaren hasierako faseetan daude. Beraz, ez da egia mundu osoan sintomak aldi berean azaleratzen ari direnik".
Bestalde, Cowanen arabera, izaki bizidun bat eremu elektromagnetiko berri baten eraginpean (5G teknologia, kasu honetan) jartzen denean, "pozoitu egiten da, batzuk hil egiten dira eta besteak jarduerarik gabeko egoera batean sartzen dira: apur bat gehiago bizi dira, baina gaixorik".
Maldito Bulokoek horri erantzun diotenez, "gaur egun erabilgarri dauden ebidentziak asko dira (25.000 ikerketa zientifiko inguru azken 30 urteotan, Munduko Osasun Erakundearen esanetan), eta horien arabera, intentsitate baxuko eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteak ez omen dio osasunari eragiten. MOEk jaso duenez, honetan ere badago hutsunerik, baina ez dago inola ere lotzerik 'Lurraren elektrifikazioa' handitzea eta gaur egungoa bezalako pandemia, COVID-19ak eragindako".
5G estazioen kontrako erasoak Erresuma Batuan
Konspirazioaren teoria hau zabaldu denetik, apirilaren hasieran lau eraso izan ziren 24 orduko epean Erresuma Batuan Vodafone eta O2 konpainien 5G telefono-estazioen aurka, BBC kateak eta El Mundo egunkariak, besteak beste, jakitera eman zutenez.
YouTubek murriztu egin du horreko bideoen hedapena
Horiek ikusita, YouTubek murriztu egin ditu koronabirusaren pandemia eta datu mugikorren 5G sarea lotzeko konspirazioaren teoriak babesten dituzten bideoen gomendioak.
Bideo-plataformak berak esan duenez, dagoeneko gezurtatu diren bideook "muturreko edukia" dute, kaltegarria izan daitekeena, baina bere politikek ez dituzte horiek debekatzen, eta bai koronabirusari aurre egiteko "oinarri medikorik ez duten tratamenduak".
Horrela, YouTubek The Guardian hedabideari igorritako komunikatu batean iragarri duenez, murrizten hasi dira "muturreko edukien gomendioak, 5G teknologiarekin eta koronabirusarekin lotutako konspirazioaren teoriak babesten dituztenak, esaterako ".
Googleren bideo plataformak ohartarazi duenez, bideo horiek "gezurrezko informazioa eman ahal diete erabiltzaileei eta kalte egin".
Maldita.es atariarekin ez ezik, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarekin ere ari da EiTB elkarlanean zurrumurru horiei aurre egiteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Lau ibilgailuren arteko istripua izan da Malmasingo tuneletan, eta auto-ilarak sortu dira A-8an, Irungo noranzkoan
113. kilometroan, Malmasingo tunelen irteeran, izandako istripu baten ondorioz, errei bat itxi behar izan dute, eta auto-ilara luzeak sortzen ari da inguruan. Gutxienez bi dira zaurituak.
Albiste izango dira: Iparraldeko hauteskundeen emaitzak, Korrika eta Osakidetzako EPEa
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Hilda topatu dute Arredondon, Kantabrian, desagertutako mendizale bilbotarra
Goizeko lehen orduan aurkitu dute haren ibilgailua, eta, horri esker, mendizalea inguru horretan zebilela baieztatu, eta bilaketa-eremua mugatu dute.
Iruñea kolorez eta euskararen aldeko aldarrikapenez bete du Korrikak
Milaka lagun korrika ibili dira Nafarroako hiriburuko kale eta auzoetan barrena, euskararen aldeko festa jendetsu bihurtuta. Adin guztietako pertsonak bildu dira Iruñean, indarrak hartu ondoren, kaleak energiaz, emozioz eta konpromisoz betez.
Albaceteko zale batekin eztabaidatu ostean hil den Racingeko zale baten heriotza ikertzen ari dira
Ikerketaren gertuko iturriek baieztatu dutenez, gertakariaren jatorria ez dago futbolarekin lotuta, ezta bi taldeetako jarraitzaileen arteko borrokaldi antolatu batekin ere.
EITBk Korrikaren lekukoa eraman du Iruñean
Euskararen aldeko lasterketak EITBren babesa jaso du aurten ere. 24. Korrikaren 763. kilometroa korritu du EITBk, Iruñean, Sadar kalean. Arnaitz Fernandez ("Eguraldia") eta Amaiur Elizari ("Navarra Hoy") aurkezleek eta Iruñeko egoitzako lankideek eraman dute lekukoa Nafarroako hiriburuan.
Arrazakeriaren aurkako 29. martxak etorkinen erroldatzeko eskubidearen alde egin du
500 bat lagunek hartu dute parte gaur Pasaia eta Donostia arteko manifestazioan. SOS Arrazakeriak Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka antolatutako XXIX. Martxan, etorkinek erroldatzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.
El Bocal kostaldeko pasabidean hildakoak gogoratzeko eta justizia eskatzeko protesta egin dute Santanderren
El Bocaleko pasabidean izandako ezbeharrean hildako sei gazteak gogoratzeko eta justizia eskatzeko protesta egin dute ehunka pertsonak eta kolektibok Santanderren. "Egiaren eta biktimen duintasunaren alde" lelopean, hirigunea zeharkatu dute udaletxeraino, eta bertan manifestu bat irakurri dute haien omenez.
Gizon bat atxilotu dute Bilboko Zorrotza auzoan, bi edukiontzi erretzea egotzita, eta beste zortzi erre ote dituen ikertzen ari dira
Atxilotuak bi edukiontzi erre dituela aitortu du. Sua bizkortzeko asmoz manipulatutako metxero bat zeraman aldean atxilotu dutenean.
Angulen legez kanpoko trafikoaren aurkako operazioa 10 atxiloturekin eta 400 kilo atzemanda amaitu da
Guardia Zibilak eta Jendarmeriak elkarlanean egindako operazioan, Gipuzkoan eta Iparraldean aritzen zen talde bat desegin dute.