EAEko institutuen % 20 eta Lanbide Heziketako "ia zentro guztiak" ireki dituzte
Euskadiko institutuen % 20k, gutxi gorabehera, eta Lanbide Heziketako "ia zentro guztiek" ateak ireki dituzte astelehen honetan, maila batzuetan aurrez aurreko eskolak emateko, sindikatuen iritzia kontrakoa bada ere. ELAk grebarako deia egin du, bai eta Ikasleen Sindikatuak ere. Hezkuntza Sailak, ordea, itzulera "segurua" dela azpimarratu du, eta hartu dituzten segurtasun-neurriak gogorarazi ditu: maskarak derrigorrezkoak dira, eta ikasleei tenperatura neurtu diete beharrezko kasuetan.
Zehazki, DBHko 4. mailako, Heziketa Profesionaleko eta Batxilergoko 85.000 ikasle itzuli dira aurrez aurreko eskoletara irekitzea erabaki duten ikastetxeetan, Jaurlaritzak erabakia hartzeko aukera ikastetxeetako zuzendaritzen esku utzi ostean.
Hezkuntza Saileko iturriek aditzera eman dutenez, "helburua ez da kuantitatiboa, kualitatiboa baizik. Helburua zailtasun gehien dituztenen ikasturtea salbatzea da, ez denak itzularaztea".
Jarduera maiatzaren 18an berrabiatzea aurreikusi zuen Jaurlaritzak hasiera batean, baina Hezkuntza Sailak atzera egin behar izan zuen, erabaki hori aurrera eramateko segurtasun juridikoa falta zitzaiolako. Aurrez aurreko heziketa deseskalatze-prozesuaren 2 faserako aurreikusita dago, eta EAE astelehen honetan sartu da fase horretan.
Hezkuntza Sailak zehaztu duenez, ondorengo egunetan gero eta handiagoa izango da jarduera presentziala hezkuntza-zentroetan, betiere lehentasuna eman dieten etapetan.
Prebentzio-neurriak
Eskola-ordutegian, maskara derrigorrez erabiltzea, mahaien artean 1,5 metroko distantzia gordetzea, sarrera eta irteera mailakatuak egitea, hidrogelak erabiltzea, garbitasuna indartzea eta termometroak erabiltzea dira zentroetan aplikatu diren neurrietako batzuk.
Gehienez ere 5 ordu eman dituzte ikasleek zentroan, ordutegi trinkoan eman dituzte eskolak eta ez da jantoki-zerbitzurik egon. Ikasgeletan ezin dira 15 ikasle baino gehiago bildu, eta aurrez aurreko eskolak eskola telematikoekin uztartu dituzte.
Pilaketak ekiditeko txandak
Txandak antolatu dira jolastokian, liburutegian, tailerretan, informatika geletan, laborategietan, eta gainerako espazio publikoetan, derrigorrezko 2 metroko distantzia errespetatu ahal izateko.
Zentro bakoitza izan da ateak irekitzeko erabakia hartu duena. Ikasle guztiak ez dira klasera itzultzera derrigortuta egon, ikastetxe askotan lehentasuna beharrizan handiena duten ikasleetan jarri baitute; selektibitatea prestatzen ari diren ikasleetan, esaterako.
Sindikatuak, kontra
Hezkuntza Sailak hartutako erabakiak ez du sindikatuen babesik. Sindikatuek gogor kritikatu dute ikasleen arteko ezberdintasunak ekiditeko irizpide bateratuetan oinarritutako neurrien falta.
Horrela, ikasleen eta irakasleen osasuna eta segurtasuna arriskuan daudela ikusiz gero, neurriak hartuko dituztela ohartarazi dute. ELAk, zehazki, greba deitu du, Ikasleen Sindikatuak bezala.
Sindikatuen elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren aurrean
Testuinguru honetan, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Hezkuntza Sailak gelak irekitzeko orduan izan duen inprobisazioa eta elkarrizketarik eza salatzeko.
"Hezkuntza Sailaren arduragabekeriaren eta irizpide aldakorren aurrean, ia ikastetxe guztiek bat egiten dute sindikatuek planteatutako ikasturte amaierako proposamenarekin", ziurtatu dute ohar baten bidez.
Era berean, sindikatuek adierazi dute erne egongo direla ikastetxeetarako itzulera osasun bermeekin egingo dela ziurtatzeko, bai ikasleentzat, bai irakasle eta gainerako langileentzat. Bestela, mobilizazioak antolatuko dituztela nabarmendu dute, "osasunerako bermeak egon arte".
Ikasturte amaiera honetan aurrez aurreko prestakuntzara itzultzeari buruz, Eusko Jaurlaritzak "alde bakarreko erabakiak" hartu dituela kritikatu dute, eta, esan dutenez, "sindikatuen zein hezkuntza-komunitate osoaren arbuio eta presioak Hezkuntza Sailak hasiera batean hartutako erabakiak aldatzera behartu dute".
Horrez gain, ikastetxe "askok" oraindik ez dutela Hezkuntza Ikuskaritzaren erantzunik jaso salatu dute: "Beraz, ez dakite euren planak Sailaren oniritzia duenik ere".
Datorren ikasturteari begira, ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk sindikatuekin "negoziatzea eta adostasun batera heltzea" exijitu diote Hezkuntza Sailari, beharrezko plangintza bat eta segurtasun zein osasun neurriak eta protokoloak adosteko beharrezkoa baita, haien aburuz.
Uriarte: "Ikasgeletarako itzulera normaltasunez igarotzen ari da"
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, Lanbide Heziketako eta institutuetako eskola presentzialak "normaltasunez" eta "beharrezko segurtasun neurriekin" itzuli dira.
Sailburuak azaldu duenez, astelehenetik aurrera klasera deitutako ikasleak "laguntza behar" dutenak dira, ziklo-aldaketa dakarten edo titulazio bat izateko eskubidea ematen duten ikastaroetan daudelako.
"Benetan beharrezkoa da ikastetxeetara itzultzea", bi hilabete eta erdi eskola telematikoak eman ostean: "Batzuek online jarraituko duten arren, uste dugu ikasturte-amaieran presentzialtasun horri bultzada ematea oso ondo etorriko zaiela askori", babestu du.
Uriartek eskertu egin du irakasleek eta familiek konfinamenduan egin duten "ahalegina", eta adierazi du klasera itzultzeko lehen eguna "normaltasunez" igarotzen ari dela eta ikastetxeetan "beharrezko segurtasun-neurriak" hartu dituztela.
Gainerako ziklo eta mailetako langileak, ekainaren lehen astean berriro lanera
Beraz, Batxilergoan, LHn eta DBHko 4. mailan astelehen honetan hasi dira berriro eskolak, zentro batzuetan behintzat; Eusko Jaurlaritzak larunbatean argitaratutako aginduaren arabera, ekainaren lehen astean gainerako ziklo eta mailetako langileak bueltatuko dira lanera, bai irakasleak, bai gainerako langileak, hezkuntza-zentroetan hezkuntza-jarduera gauzatzeko.
Erregimen Bereziko Irakaskuntzei dagokienez, hau da, hezkuntza artistikoei, kirol-hezkuntzei eta hizkuntzei dagokienez, gradu eta modalitate guztietan, zentro, eskola edo kontserbatorio bakoitzak bere programazioaren arabera abiaraziko du berriro hezkuntza- eta prestakuntza-jarduera, orain arte egin ezin izan dituzten jarduera espezifikoetarako: adibidez, ebaluazioetarako, ikasketa-amaierako lanetarako, eta sarrera-probetarako.
Astelehen honetan, halaber, euskaltegietan eta prestakuntza-akademietan, eskoletan eta zentroetan baimenduta dago hezkuntza- eta prestakuntza-jarduera, zentro publiko zein pribatuetan. Aginduak, halaber, ezarrita du azterketa ofizialak deitu eta egin ahal izango dituztela; besteak beste, euskara-maila egiaztatzeko HABEren azterketak.
Zure interesekoa izan daiteke
Hilda topatu dute Arredondon, Kantabrian, desagertutako mendizale bilbotarra
Goizeko lehen orduan aurkitu dute haren ibilgailua, eta, horri esker, mendizalea inguru horretan zebilela baieztatu, eta bilaketa-eremua mugatu dute.
Iruñea kolorez eta euskararen aldeko aldarrikapenez bete du Korrikak
Milaka lagun korrika ibili dira Nafarroako hiriburuko kale eta auzoetan barrena, euskararen aldeko festa jendetsu bihurtuta. Adin guztietako pertsonak bildu dira Iruñean, indarrak hartu ondoren, kaleak energiaz, emozioz eta konpromisoz betez.
Albaceteko zale batekin eztabaidatu ostean hil den Racingeko zale baten heriotza ikertzen ari dira
Ikerketaren gertuko iturriek baieztatu dutenez, gertakariaren jatorria ez dago futbolarekin lotuta, ezta bi taldeetako jarraitzaileen arteko borrokaldi antolatu batekin ere.
EITBk Korrikaren lekukoa eraman du Iruñean
Euskararen aldeko lasterketak EITBren babesa jaso du aurten ere. 24. Korrikaren 763. kilometroa korritu du EITBk, Iruñean, Sadar kalean. Arnaitz Fernandez ("Eguraldia") eta Amaiur Elizari ("Navarra Hoy") aurkezleek eta Iruñeko egoitzako lankideek eraman dute lekukoa Nafarroako hiriburuan.
Arrazakeriaren aurkako 29. martxak etorkinen erroldatzeko eskubidearen alde egin du
500 bat lagunek hartu dute parte gaur Pasaia eta Donostia arteko manifestazioan. SOS Arrazakeriak Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka antolatutako XXIX. Martxan, etorkinek erroldatzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.
El Bocal kostaldeko pasabidean hildakoak gogoratzeko eta justizia eskatzeko protesta egin dute Santanderren
El Bocaleko pasabidean izandako ezbeharrean hildako sei gazteak gogoratzeko eta justizia eskatzeko protesta egin dute ehunka pertsonak eta kolektibok Santanderren. "Egiaren eta biktimen duintasunaren alde" lelopean, hirigunea zeharkatu dute udaletxeraino, eta bertan manifestu bat irakurri dute haien omenez.
Gizon bat atxilotu dute Bilboko Zorrotza auzoan, bi edukiontzi erretzea egotzita, eta beste zortzi erre ote dituen ikertzen ari dira
Atxilotuak bi edukiontzi erre dituela aitortu du. Sua bizkortzeko asmoz manipulatutako metxero bat zeraman aldean atxilotu dutenean.
Angulen legez kanpoko trafikoaren aurkako operazioa 10 atxiloturekin eta 400 kilo atzemanda amaitu da
Guardia Zibilak eta Jendarmeriak elkarlanean egindako operazioan, Gipuzkoan eta Iparraldean aritzen zen talde bat desegin dute.
Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen ere Korrika!
Korrikak ez duela mugarik erakutsi du berriz ere. Larunbat honetan ehunka lagun bildu dira Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen euskararen alde korrika egiteko. Tradizio bihurtzen ari da Euskal Herritik kanpo ere korrika egitea eta auten 50 hiri handitan antolatu dute hitzordua. Ikusmin handia eragin dute inguruan zebiltzan herritarren eta turisten artean.
Ehun bat polizia atxilotu edo ikertu dituzte Espainian azken bost urteetan, narkotrafikoarekin lotura izateagatik
EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, Espainiako Gobernuak jakinarazi du 106 agente atxilotu edo ikertu dituztela 2021eaz geroztik, baina ez du zehaztu zein polizia zerbitzutakoa den ikertutako edo atxilotutako pertsona bakoitza.