Bilboko metroak 25 urte bete ditu, 1.800 milioi bidaia baino gehiago egin ondoren
Gaur, azaroak 11, Metro Bilbaok 25 urte betetzen ditu. Ospakizunetan dago, hortaz, Bilboko metroa, eta horren erakusle dira urrian zehar erabiltzaileek bidalitako zorion-mezu guztiak. Egunotan ikusgai daude Metro Bilbaoren geltokietako publizitate-euskarrietan.
Unai Rementeria ahaldun nagusi eta Metro Bilbaoko presidenteak Metro Bilbaorekin bere konpromisoa agertu du, gaur goizean Ansioko geltokian martxan jarri zenetik 25 urte bete direla ospatzeko egin den ekitaldi nagusian. "1995eko azaroaren 11n bizitza aldatu zigun. Bizkaia aldatu zigun. Eta metro bat aurretik jarri ginen gauza guztietan. Garraio publikoan, modernitatean, aukera-berdintasunean eta bizi-kalitatean ", esan du Rementeriak.
Ekitaldian, ahaldun nagusiak azpiegitura martxan jartzeko ikuspegia izan zutenentzat eta gaur egun egunero funtzionatzen jarraitzen dutenentzat esker oneko hitzak izan ditu . "Eskerrak eman nahi dizkiet amestu zutenei eta egia bihurtu zutenei. Eta honen funtzionamendua ahalbidetzen dutenei eta metroa egunero erabiltzen dutenei, baita bultzatu, eraiki eta mantendu zuten erakundeei ere", adierazi du.
Halaber, Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendariak metroak egunero milaka erabiltzaileren bizi-kalitatean duen eragina azpimarratu du.
25 urte igaro dira metroak bere lehen bidaia egin zuenetik. Ordutik, 1.800 milioi bidaia baino gehiago eta 99.000.000 kilometro egin ditu. Belaunaldi oso batentzat, metroa betidanik dago Bilbon, baina gaur bezalako egun batean, 1995eko azaroaren 11n, milaka eta milaka bizkaitarren bizitza aldatu duen azpiegitura bat jarri zen martxan.
Gaur egun, Bilbo eta Bizkaia ez dira ulertzen metrorik gabe, eta metropoli-eremuko herri eta hiri askok beren eraldaketa propioa hasi ahal izan dute garraiobide horri esker; Barakaldok eta Basaurik, esaterako.
Erabiltzaileen balorazio positiboa
Inauguratu zenetik, metroak erabiltzaileak erakartzeko gaitasuna izan du, eta, gaur egun, Bizkaiko garraio publiko erabilienetako bat da, bidaiarien % 52 baino gehiago garraiobide horretan mugitzen baitira duela hamarkada batetik.
43,28 kilometroko ibilbidea eta 42 geltoki dituela, Bilbo Handiko 14 udalerriren arteko lotura errazten du. Metro Bilbao herritarren mugikortasunerako "ezinbesteko" garraiobide bihurtu da Bilboko metropoli-eremuan.

Berriki egindako azterlan batek erakutsi duenez, erabiltzaileek metroaren balorazio oso positiboa egin dute martxan jarri zenetik, eta balorazio onena 2019an egin zuten (8,3). Gainera, ikerketa horren arabera, Bilboko metroa garraiobide publiko onenetako bat da, "azkartasunagatik, maiztasunagatik, erosotasunagatik, puntualtasunagatik, garbitasunagatik eta segurtasunagatik".
Ekitaldi askoren agertokia
Urte hauetan guztietan, artista handien erakusketa ugari hartu ditu Bilboko metroak. Gaur egun, metroko geltokietan "COVID-19: begirada bat barrutik" erakusketa ikusteko aukera dute erabiltzaileek, Bizkaiko Medikuen Elkargoak bere elkargokideei, osasun-langileei eta pazienteei egindako omenaldia, COVID-19ari aurre egiteko orduan duten profesionaltasunagatik, ahaleginagatik eta elkartasunagatik.
Irudiak Ruben Natividad mediku eta argazkilariak egin ditu. Erakusketa osatzen duten 14 panelek 26 argazki erakusten dituzte, eta koronabirusaren pandemian lanean aritu diren osasun-langileen eta pazienteen errealitatea islatzen dute.
25 urte hauetan, Bilboko metroa zinemaren agertoki ere bihurtu da hainbat aldiz, eta publizitate-iragarki asko ere grabatu dira bertan.
Egunotan, gainera, 25. urtemuga dela eta, Metro Bilbaok jaso dituen erabiltzaileen zorion-mezuak daude ikusgai. Metro Bilbaoren geltokietako publizitate-euskarrietan ikus daitezke azaroaren lehen hamabostaldian.
Bilboko metroak 2.600 lanpostu ditu
Duela 25 urte martxan jarri zenetik, Metro Bilbaok 4.934 milioi euroko ekarpena egin du eta zuzeneko nahiz zeharkako 2.600 lanpostu mantentzen lagundu du urtero.
Eneko Arruabarrena zuzendariaren arabera, metroak "funtsezko" ekarpena egin die Bizkaiari eta EAEri, 1. eta 2. lineetan, eraikitzeko eta ustiatzeko lanekin lotuta, 1987a eta 2019a bitartean 5.244 milioi euroko gastua izan baitu. Horren % 87 baino gehiago EAEn geratu da (% 74, Bizkaian).
Gainera, metroaren jarduerari esker, ogasun publikoek 573 milioi euro bildu dituzte (% 64 eraikuntzagatik eta % 36 ustiapenagatik).
Zure interesekoa izan daiteke
Basauriarrek bigarrenez gaitzetsi dute herrian izandako hilketa matxista
Udalak deituta, elkarreratze isila egin dute eguerdian Azaroak 25 plazan, sortzez Berangokoa zen 44 urteko emakumearen hilketa salatzeko.
Gizon bat atxilotu dute Basaurin, bikotekidea hiltzea egotzita
Biktima, 44 urteko emakume bat, ondoezik jarri ostean hil zen. Medikuek egindako lehen azterketen arabera, indarkeria zantzuak zituen. Ikerketaren iturriek EITBri baieztatu diotenez, urruntze agindu bat zegoen indarrean, baina atxilotuak askotan urratzen zuen.
17 urteko mutil batek polizia-kontrol batetik ihes egin du asegururik eta IATrik ez zuen auto batekin, Beriainen
Adingabeak giltzak ostu zizkion amari, eta jazarpen arriskutsu baten ostean, egindakoa "Instan argitaratuko ote zen" galdetu zien agenteei.
Adingabe bat sastatzeagatik Murgian atxilotutako bost gazteek polizia-etxean jarraitzen dute
Erasoa ostegun arratsaldean gertatu zen, Gasteizko Oto etorbidean.
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, indarkeriaz egindako lapurreta bat artatzera joandako udaltzainei labanaz mehatxu egitea egotzita
Agenteak taser pistola bat erabiliz saiatu ziren hura geldiarazten, eta ez zutela lortzen ikusita, tiro egin zioten hanka batean. Atxilotua Gurutzetako Ospitalera eraman zuten gero, baina arriskutik kanpo dago.
Basauriko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute ostiral arratsaldean, talde feministek deituta
2026an bi dira jada Euskal Herrian hildako emakumeak, eta horrek agerian uzten du, euren ustez, indarkeria matxistak jarraitzen duela gizarteko gaitz nagusietakoa izaten. Basauriko Asanblada Feminista eta Emakumeok Bat Koordinadora (Basauriko Emakume Elkarte eta Elkarte Feministen Federazioa) talde feministek deitu dute elkarretaratzea.
Itzurun hondartza, mikroplastikoz beteta
Azken egunotako denboraleen ondorioz, mikroplastikoz beteta agertu zen atzo Zumaiako Itzurun hondartza. Naiara Malave Euskal Kostaldeko Geoparkean ekoturismoa egiten duen Begi Bistan enpresako kideak esan du arazoa mundu mailakoa eta azken hamarkadetako plastikoaren gehiegizko erabileraren ondorioetako bat dela.
Asier Iragorri, Basauriko alkatea: "Gaur egun ere entzuten dira indarkeria matxista existitzen ez dela dioten diskurtsoak"
Basauriko alkateak "irmo" gaitzetsi du udalerrian izandako hilketa matxista, eta deitoratu duenez, oraindik ere entzuten dira herritarren artean indarkeria matxista ez dela existitzen dioten diskurtsoak edo arazoari garrantzia kentzen diotenak. Horregatik, horren ustez, arlo guztietatik lan egin behar da horri aurre egiteko.
Azpeitiko sutean kaltetutako bi lagunek alta jaso dute eta beste bizileku bat eman diete
Sua arratsaldean piztu zen, bigarren solairuan, eta kalte handiak eragin zituen. Udal teknikariek eraikinaren egoera aztertu behar dute, sutea zerk eragin duen ikertu eta hartu beharreko neurriak zehazteko.
Aldaketak Bilboko trafikoan datorren astelehenean, Itzulia Basque Country dela eta
Lasterketaren lehen etapak, Bilbon hasi eta amaituko den 13,9 kilometroko erlojupekoak, trafiko etenak, aparkaleku murrizketak eta garraio publikoan aldaketak eragingo ditu.