Antxon Alonsok, Servinabar enpresan Cerdanen ustezko bazkideak, astelehen honetan deklaratuko du Auzitegi Gorenean
PSOEko Antolakuntza idazkari ohiaren eta EAJko eta EH Bilduko kargudunen artean bitartekari lanak egin zituen pertsona ere bada.
Antxo Alonsok Auzitegi Gorenean deklaratuko du astelehen honetan. Servinabar enpresan Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkari ohiaren ustezko bazkidea zen bera, eta Guardia Zibilaren txostenetan agertzen da enpresa horren izena, kontratu publikoengatik komisioak ordaintzen zituelakoan.
Enpresariak 11:00etatik aurrera deklaratuko du Leopoldo Puenteren aurrean. Ondoren, eguerdian, Fernando Agustin Merino Accionako kargudun ohiaren txanda izango da. Ikertu gisa deitu dituzte deklaratzera biak.
Antxon Alonsoren izena Guardia Zibilaren ikerketan agertzen da, Cerdanen etxebizitzan egindako miaketan aurkitutako 2016ko kontratu pribatu batean. Servinabar enpresaren ia erdia Cerdanen esku geratu zen kontratu pribatu horren arabera.
2016ko ekainaren 1eko data duen dokumentu horretan, Santos Cerdanek Servinabar enpresaren 3.000 akzioetako 1.350 eskuratu zituen. Kontratu publikoak eskuratu zituen enpresa horretatik esan dutenez, "Cerdan ez da inoiz Servinabar enpresako bazkide izan".
Cerdanek aitortu zuen agiri hori sinatu izana, baina azpimarratuz ez zela eskritura publiko izatera iritsi eta ez zuela ordaindu enpresaren parte izateko.
Politika uztekotan zegoela sinatu omen zuen, Antxon Alonso enpresariak (bere laguna omen zen) eskaini ostean, baina emazteak bizitza publikoari eusteko eskatu, eta agiria apurtzeko eskatu omen zion Alonsori.
Cerdan eta Alonso pisukideak izan ziren Madrilen, buruzagi sozialista ohia Espainiako hiriburura bizitzera joan zen lehenengo urtean.