EAJk ez du onartu, "inolaz ere", alderdia Cerdan, Abalos eta Koldoren auziarekin lotzea
Alderdi jeltzaleak argitu duenez, zentsura-mozioa babestu zuen 'Gurtel auzi'ko epaiaren ostean, PPk ez zuelako erantzukizunik bere gain hartu. Gainera, argi utzi nahi izan dute Antxon Alonsok ez zuela horretan eraginik izan.
Aitor Esteban, EBBren presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Santos Cerdanek Auzitegi Gorenean egindako adierazpenen ostean, EAJko iturriek argitu dute Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioa egin aurreko egunetan alderdi jeltzalea "Jose Luis Abalos eta Santos Cerdanekin bildu zela, PSOEk eskatuta".
"Batzar hori, PSOEren zuzendaritzarekin egin zen bakarra, Madrilen izan zen, eta bertara joan ziren, EAJren izenean, Joseba Aurrekoetxea, orduko Antolakuntza arloko burukide arduraduna, eta Aitor Esteban, une hartan Kongresuko bozeramailea zena, entzuteko helburu bakarrarekin", azaldu du.
Gainera, EAJk azaldu duenez, 2018ko maiatzaren 31n , alderdiaren zuzendaritzak "modu subiranoan erabaki zuen zentsura-mozioari baiezko botoa ematea, Alderdi Popularrak zuen egoera baloratu ostean, onartezina baitzen 'Gurtel auzi'ko epaia ikusita PPk erantzukizun politikorik ez hartzea".
EAJk gaineratu du testuinguru horretan "barregarria" dela esatea Antxon Alonsok, EAJren kide ere ez denak, eragina izan zezakeela "erabaki hori hartu zuen alderdiaren zuzendaritzan".
Jeltzaleek azpimarratu dutenez, "Santos Cerdanek Gorenaren aurrean duen defentsa estrategiak gezurra du oinarri", eta hori ageri-agerikoa da, alderdiaren arabera, "Antxon Alonsorekin izan zuen harremanak jeltzaleek zentsura mozioaren aldeko botoa ematea erraztu zuela" esan baitu.