"Euskararen garaia da" lelopean, manifestazioa egingo dute gaur Baionako kaleetan
Ipar Euskal Herrian euskara hizkuntza koofiziala izan dadin eskatzeko manifestazioa deitu du gaurko Euskal Konfederazioak Baionan (16:00etan, Lauga gunetik abiatuta). Parte hartzea handia izango dela aurreikusi dute deitzaileek, izan ere, atxikimendu zabala lortu du deialdiak: 1.907 norbanakok, 300 hautetsik baino gehiagok eta 251 elkartek izenpetu dute "Euskararen garaia da" manifestua.
Euskal Konfederazioaren arabera, euskara "larrialdi egoeran" dago, eta azken datuek argi erakutsi dute hiztun kopurua eta erabilera ahultzen ari direla. Dena dela, uste dute badagoela "norabidea aldatzea", eta horretarako lau eskakizun nagusi plazaratu dituzte.
Batetik, euskararen koofizialtasuna lortzea, gure hizkuntza frantsesaren pareko lekua izan dezan eta eskubide gisa aitortua izan dadin. Bigarrenik, Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea nahi dute, ez dadin frantsesa hizkuntza aitortu bakarra. Hirugarren aldarria da Frantziako Parlamentuan hizkuntza gutxituen aldeko "lege ausart bat" bozkatzea, euskarari lege babesa emateko eta eskubide zehatzak irabazteko. Azkenik, Ipar Euskal Herriko instituzioek "euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrak" martxan jartzea aldarrikatu dute, euskarak "biziberritzeko plan integral bat" izan dezan.
Horrekin lotuta, salatu dute Ipar Euskal Herrian Frantziako Estatuak dituen ordezkariek, prefetak eta suprefetak, euskararen kontra hartu dituzten neurriak. Besteak beste, Larresoron eta Beskoitzen (Lapurdi) euskara erabiltzeari ezarritako mugak aipatu dituzte, edota 13 udalerrik euskararen alde onartutako ekimenak auzitara eramatea.
Manifestazioaz gain, egun osoko egitaraua prestatu du Euskal Konfederazioak. Goizetik hasita, haurrentzako tailerrak eta ipuin kontalaria, 12:00etan bertso saioa eta ordu erdi geroago, Bulego taldearen kontzertu akustikoa. 14:30ean Baionan Kantuz egingo dute. Martxaren ostean, 18:00etatik aurrera, "Euskararen Besta" ospatuko dute Jacques Portes plazan. Gauean, 21:00etatik goiti, gaualdia antolatu dute Zizpa Gaztetxean.