11 pertsona berriz txertatuko dituzte Bilbon, txertoen hotz-katean izandako intzidentzia baten ondorioz
Bilboko Txurdinaga auzoko anbulatorioan hotz katea eten zitzaien txertoak eman zituzten, Dena den, Osakidetzak ziurtatu du txerto akastunak jaso zituzten horiek ez daudela arriskuan.
Erizain bat txerto bat jartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Hotz katea eten zitzaien txertoak jarri dizkiete 11 pertsonari, Bilboko Txurdinaga auzoko osasun zentroan, Osakidetzak ostiral honetan ohar bidez jakinarazi duenez. Dena den, euskal osasun sistema publikotik ziurtatu dute txerto horiek berriki jaso dituzten pazienteak ez daudela arriskuan. Edozein kasutan, berriz txertoa jarriko diete horiei guztiei ahalik eta babes inmunologiko handiena lor dezaten.
Orain Txurdinagan gertatutakoaren ondoren, Bilbo-Basurtu ESIko zuzendaritzak lasaitasun mezua helarazi nahi izan du ohar bidez. Halaber, kaltetuei arreta pertsonalizatua eta jarraipen zehatza egingo zaiela bermatu du.
Osakidetzaren arabera, kaltetuekin banan-banan jarri dira harremanetan gertatutakoaren berri "gardentasun osoz" emateko eta zalantzak argitzeko.
Gainera, txertoa berriz jartzeko hitzorduak eman dizkiete.
Ez da arazoak dauden lehen aldia
Ez da txertoekin, Osakidetzan, horrelakorik gertatzen den lehen aldia.
Pasa den ekainean Lasarteko eta Arangoitiko osasun zentroetan ere hotz katea eten zitzaien txertoak eman zituzten, 17, guztira.
Halaber, iaz, iraungitako txertoak jarri zizkien Osakidetzak 274 pazienteri. Akatsak ESI guztietan izan zuen eragina.
EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Osasun sailburuari
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak azalpenak eskatu dizkio Alberto Martinez Osasun sailburuari, txertoek Txurdinagako osasun zentroan gertaturikoagatik. Uberak "larritzat eta kezkagarritzat" jo du gertaturikoa, eta gogorarazi du ez dela halakorik gertatzen den lehen aldia.
"Agerian uzten du Osakidetza oraindik ez dela gai txertoen segurtasuna % 100ean bermatzeko", salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak ohar batean.
Uberak galdera sorta bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, sailburuak azal dezan zenbat txerto eman diren baldintza egokietan egon gabe.