Carlos Somoza, Charlines gaizkile taldeko kide ohia, hil da Gasteizko ospitale batean
Identitate faltsu batekin artatu zuten Txagorritxu Ospitalean, baina, astelehenean, haren semeetako bat osasun-zentrora bertaratu zen, eta agerian utzi zuen Somozaren benetako izena. Manuel Charlin Gamaren suhia izan zen; azken hori Charlines klaneko kide historikoa izan zen.
2009tik ihes eginda zebilen Carlos Somoza, Charlines gaizkile taldeko kide ohia, astelehenean hil zen, 74 urte zituela, Gasteizko ospitale batean.
Somoza identitate faltsu batekin ospitaleratu zuten Txagorritxu Ospitalean. Astelehenean, ordea, haren semeetako bat osasun-zentrora joan zen, eta haren benetako izena jakinarazi zuen. Manuel Charlin Gamaren suhia izan zen; azken hori Charlines klaneko kide historikoa izan zen.
Ikerketako iturriek adierazi dutenez, narkotrafikoa leporatuta zigortutako gizon hori ospitalean bertan atxilotu zuten. Ertzaintzaren zaintzapean egon zen, ordu batzuk geroago hil zen arte.
2003ko urriaren 11n atxilotu zuten Somoza, 'Retro' operazioaren baitan. Operazio horri esker, 'South Sea' ontzian 6.000 kilo kokaina atzeman zituzten, eta bost gaizkile talde desegin zituzten.
Kasua ikertu zuen epailearen arabera, Somoza zen kokainaren lehorreratzearen ustezko erantzulea. Horren ondorioz, Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuten, eta hark espetxeratzeko agindua eman zuen.
2009an egindako epaiketaren ostean, ordea, ihes egin zuen, eta ordutik ezkutuan egon da, haren arrastorik aurkitu gabe.