SATEVIk 60.000 kontsulta baino gehiago artatu ditu indarkeria matxistagatik bi hamarkadatan
900 840 111 telefonoa doakoa eta konfidentziala da, eta, 2006an martxan jarri zenetik, guztira 176.381 arreta-ordu batu ditu. Etengabe egoten da martxan, 24 orduz, urteko egun guztietan. Hori adierazi du Eusko Jaurlaritzak gaur, bi hamarkada hauetako balantzearen aurkezpenean.
60.000 kontsulta baino gehiago eta 176.381 orduko etengabeko arreta. Hori da Indarkeria Matxistaren Biktima diren Emakumeentzako Telefono bidezko Arreta Zerbitzuaren (SATEVI) 20 urteko balantzea. Baliabide hori duela bi hamarkada sortu zen, indarkeria jasaten duten emakumeei erantzun eta laguntza eta babesa emateko.
Ostegun honetan aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak 900 840 111 zenbakiaren 20 urteko ibilbidearen balantzea, Gasteizko Artium Museoan. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak eta Oihane Cabello SATEVIko ordezkariak zehaztutako datuen arabera, 45.047 emakume biktimari, hain gertuko 12.103 pertsonari eta 2.850 profesionali eman zaie arreta.
Satevira jo duten gehienak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak beraiek izan dira; adin tarte ugariena 41 eta 50 urtetakoa izan da, baina, geroz eta gehiago ari dira konturatzen emakume gazteagoen presentzia ugaritzen ari dela, indarkeria matxista bera aldatzen ari denaren seinale.
Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria izan da kontsulten % 90,67an; talde horren barruan, indarkeria psikologikoa identifikatu da beti, indarkeria fisikoa % 70n, sexu-indarkeria % 36n eta indarkeria ekonomikoa % 35ean.
Hogei urteko aldaketak indarkerian eta erantzunean
Lehen urteetan, deiak tratu txar fisiko eta psikologikoekin lotzen ziren batik bat, baina denborak aurrera egin ahala, zerbitzuk zabaldu egin da, bai profilei, koordinazio-mekanismoei, bai jorratutako egoerei dagokionez. Aipatzekoak dira sexu-indarkeria eta indarkeria ekonomikoa, baita sare sozialen eta tresna digitalen erabilera, kontrol edo eraso bitarteko gisa.
Gaur-gaurkoz, SATEVI doakoa, anonimoa eta konfidentziala da, ez du aztarnarik uzten telefono-fakturan, eta urte osoan zehar, eguneko 24 orduetan, dago eskuragarri.
Ekitaldian, Melgosa sailburuak azpimarratu duenez, "emakume bakar batek ere ez lioke aurre egin behar indarkeria matxistako egoera bati".