Donostiako Topo berria larunbatean jarriko da martxan, bederatzi urteko lanen eta 300 milioiko inbertsioaren ondoren
Azpiegitura berriak Donostiako funtsezko puntuak lotuko ditu, 7,5 minutuko maiztasunak eskainita, eta lurpeko hiru geltoki berri izango ditu: Amara, Kontxa-Zentroa eta Bentaberri.
Donostiako Topo berria larunbatean, azaroak 21, jarriko da martxan, bederatzi urteko lanen eta 300 milioi euroko inbertsioaren ondoren. Azpiegiturak 7,5 minutuko maiztasuna eskainiko du Añorga eta Pasaia tarteko hamaika geltokietan, eta Amara, Bentaberri eta Kontxa-Zentroko lurpeko geltoki berriak jarriko ditu zerbitzuan. Hobekuntza horri esker, lanegunetan trenak 276 joan-etorri egingo ditu.
Azpiegitura horren bidez, asteburuko zerbitzuan ere aldaketak izango dira. Zumaia-Pasaia lineak bikoiztu egingo du egungo maiztasuna, eta 30 minutuan behin emango du zerbitzua urte osoan (igande goizetan, 60 minutuan behin), eta ez udan bakarrik, orain arte bezala.
Añorga-Pasaia linean 7,5 minutuan behin ibiliko da trena, igande goizean izan ezik; orduan, 15 minutuan behin igaroko da. Lasarte-Oria eta Irun artean, berriz, maiztasuna 30-15 minutukoa izango da asteburuetan.
Azkenik, Lasarte-Oria eta Hendaia arteko linean larunbat gaueko maiztasuna nabarmen handituko da, eta joan-etorriak 30 minutuan behin egingo ditu, orain, neguan, bi ordutik behin, eta udan, orduero.