Gauerdian amaituko da posta bidezko botoa eskatzeko epea
Correosen bertan eska daiteke, edo web orrian, baina ezinbestekoa da nork bere identitatea egiaztatzea. Botoa emateko aukera hurrengo asteazkenera arte, azaroak 25, izango da.
Azaroaren 29ko hauteskundeetan posta bidezko botoa eskatzeko epea gaur eguerdian bukatuko da, Correosen webgunean eta bulegoetan.
Correosek gogorarazi duenez, botoa webgunearen bidez eskatu nahi duten hautesleek autentifikazio eta sinadura elektronikoaren bidez egiaztatu beharko dute beren nortasuna, eta botoa aurrez aurre eskatu nahi dutenek jatorrizko NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu beharko dute.
Inoren izenean ere eskatu daiteke botoa, betiere gaixotasunagatik edo desgaitasunagatik. Horretarako, medikuaren ziurtagiri ofiziala eta notarioaren edo kontsulatuaren baimena aurkeztu behar dira.
Botoa posta bidez eman ahal izateko, ezinbestekoa da hautesle-erroldako inskripzio-ziurtagiria. Behin dena eskaeran adierazitako helbidean jasota, botoa azaroaren 25era arte eman ahal izango da.