DONOSTIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Donostiako herritarrek 46 hautagaitza aurkeztu dituzte Urrezko Danborra irabazteko

Bozeramaileen Batzordeak abenduaren 1ean eztabaidatuko ditu proposamenak, eta sariduna aukeratu edo hiru hautagai izendatu ahal izango ditu herri-bozketarako. Halaber, 61 proposamen erregistratu dira Hiritar Merezimenduaren Dominarako.

2026. Urrezko Danborra. Jon Insausti alkatea Xabier Anduaga Martínezi danborra ematen. Irudia: DONOSTIA KULTURA

Jon Insausti alkatea, 2026an Xabier Anduaga Martinezi Urrezko Danborra ematen. Argazkia: Donostia Kultura

Donostiarrek beren proposamenak aurkezteko epea amaituta, Donostiako Udalak 46 izen jaso ditu guztira 2027ko Urrezko Danborra eskuratzeko, hiriak ematen duen sari nagusirako. Halaber, 61 proposamen egin dizkiote Hiritar Merezimenduaren Dominarako. Aitortza hori pertsona edo erakundeei ematen die Udalak, "hiriari eman edo ematen dizkioten aparteko zerbitzuengatik".

Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Domina 2027: kontsultatu hemen proposatutako pertsona eta erakundeen zerrenda osoa.

Jon Insausti Donostiako alkateak prentsaurreko batean adierazi duenez, prozesua "aurrera doa, dagokion denboran eta moduan", eta parte-hartzea "aurreko urtean baino handiagoa" izan da. Guztira, 146 pertsonak eta erakundek egin dituzte proposamenak, emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatuarekin eta adin heldu guztien ordezkaritzarekin. 

Proposatutako izen gehienak kultura eta kiroleko pertsona ospetsuak dira, baina osasungintzako eta jarduera ekonomikoetako profesionalak ere badaude. Besteak beste, Euskal Billera danborrada, Juan Mari Arzak sukaldaria, Elena Irureta, Ane Gabarain eta Jose Ramon Soroiz aktoreak, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Miguel Martin Jazzaldiko zuzendari ohia, baita hainbat kazetari ere, tartean Mikel Ayestaran EITBko kolaboratzailea.

Proposatutako 46 izenetatik, 11 baino ez dira emakumeak, eta 26 gizonak. Gainerako 9ak enpresak edo elkarteak dira. 1967an ezarri zenetik, 89 Urrezko Danbor eman dituzte, eta, horietatik guztietatik, 10 emakumek soilik jaso dute saria. Gizonezkoak, ordea, 70 izan dira, eta gainontzeko 9ak erakundeak.

 

Hautaketa-prozesua

Herritarrek Urrezko Danborra lortzeko hautagaitzak aurkeztu ondoren, Bozeramaileen Batzordeak abenduaren 1ean proposamenak aztertu eta gehienez hiru hautatu beharko ditu. Organo horretan Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek hartzen dute parte: EAJ, PSE, EH Bildu, Elkarrekin Donostia eta PP. 

Araudiak ezartzen duenez, bi hereneko gehiengoak zuzenean eman dezake saria. Gehiengo hori lortzen ez bada, herri-bozketa egingo da, eta, azkenik, hautatutakoa osoko bilkuran berretsiko da.

Ezin da urtean Urrezko Danbor bakarra baino gehiago eman, eta saria hutsik geratzeko aukera ere badago. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X