Eusko Jaurlaritzak 57 etxebizitza erosi dizkio Kutxabanki alokairu sozialerako
Hiru lurraldeetako hainbat udalerritan dauden etxebizitza libreak dira. 5,7 milioi euroren truke erosita, Alokabidek kudeatutako ondare publikoan sartuko dira modu iraunkorrean.
Eusko Jaurlaritzak 57 etxebizitza erosi dizkio ostegun honetan Kutxabanki , alokairu sozialeko parke publikoan modu iraunkorrean sartzeko.
Eragiketa horren zenbatekoa 5,7 milioi eurokoa da – 100.000 euro inguru etxebizitza bakoitzeko –, eta, horri esker, higiezin libre horiek Alokabidek kudeatutako ondare publikoan sartuko dira modu iraunkorrean, betiko alokairu sozialerako izango direla bermatuz.
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu eta Alokabideko presidenteak, Ibon Imatz Kutxabankeko Higiezinen Negozioko zuzendariak eta Iñaki Munduate Higiezinen Negozioko merkataritza-arduradunak sinatu dute salerosketa.
Akordioak Harri Iparra SAUren jabetzako 20 etxebizitza eta Harri Inmuebles SAUren jabetzako beste 37 eskuratzea aurreikusten du.
Etxebizitza libreak dira, hiru lurraldeetako hainbat udalerritan banatuta. Araban, eraikinak Urkabustaizen, Araian, Gasteizen, Oionen, Bastidan eta Artziniegan daude, besteak beste. Gipuzkoan, Eibarren, Elgoibarren, Irunen, Beasainen, Ordizian, Donostian, Errenterian, Arrasaten, Azkoitian, Lazkaon, Elgetan eta Urretxun daude banatuta. Bizkaian, operazioaren barruan sartzen dira Bilboko, Barakaldoko, Basauriko, Galdakaoko, Ermuko eta Karrantzako etxebizitzak.
57 higiezin horiek erosita, dagoeneko 733 etxebizitza erosi dizkie Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan hainbat erakunderi: 510 Testa Benta Berrin (Donostia), 148 La Caixa Arrasaten eta 18 Jaureguizar Errenterian.