Irun eta Hondarribia aurre-alertan daude, lehortea dela eta
Ohi baino % 40 euri gutxiago egin du ekainetik irailera bitartean, eta horren ondorioz, joan den urriaren 6an Jaizkibelgo akuiferoetako urak hartzen hasi ziren Irun eta Hondarribia hornitzeko.
Zeregin horretarako erabiltzen duten Endarako urtegia edukieraren % 63an dago egunotan, eta ezohiko neurriak martxan jarri behar izan dituzte zerbitzua bermatzeko.
Jaizkibelgo akuiferoetako urak hartzeko ponpak duela 15 urte jarri zituzten, baina ez dituzte erabili orain arte. Ura behar izanez gero, iturburuetakoa hartzen dute, eta asmoa da urtegiaren erabilera hiru hilabetez luzatu ahal izatea. Hala adierazi du Txingudiko Zerbitzuetako Leire Zubiturrek: "Jaizkibelgo ura ur-araztegira etorriko ez balitz, hilabete gutxian urtegia hustu egingo litzateke".
Hala ere, agintariek ohartarazi dute datozen asteetan euririk egin ezean, ura aurrezten hasteko eskaera egingo zaiela Irungo eta Hondarribiko bizilagunei, % 10 gutxiago gastatzeko helburuarekin. Gainera, horrela jarraituz gero, abenduaren erdialdean alerta-egoera aktibatuko lukete.