EBk aizkolaritza eta bestelako herri-kirolak babesteko eta gazteen artean sustatzeko eskatu du
Europar Batasuneko (EB) 27 estatu kideek kirol horiek Europako kultur ondarearen parte gisa babesteko eta haien finantzaketa indartzeko eskatu dute. Era berean, diziplina horien ikusgarritasuna handitzeko, haur eta gazteen parte-hartzea errazteko eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen direla bermatzeko deia egin dute.
Herri-kirolak. Artxiboko argazkia: Europa Press
Europar Batasunak aizkolaritza eta Europako beste herri-kirol eta joko tradizional batzuk babesteko eta sustatzeko eskatu du, Europako kultur ondarearen parte diren heinean. Helburua da, halaber, belaunaldi berrien artean kirol horien praktika bultzatzea.
Hala adostu dute EBko 27 estatu kideek Bruselan egindako Kultura eta Kirol ministroen Kontseiluan. Estatu kideei eskatu diete diziplina horien ikusgarritasuna handitzeko, haur eta gazteengana hurbiltzeko eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bermatzeko.
Aipatutako kirolen artean dago aizkolaritza, ohiko herri-kirola, aizkoraz enborrak mozteko lehiaketetan oinarritua. Horrekin batera, Irlandako hurling izenekoa, Txekiar Errepublikako nohejbal deitutakoa (futbol-tenisaren antzeko modalitatea) eta Finlandiako pesapallo delakoa (beisbolaren antzekoa) ere aipatu dituzte.
"Europako kirol eta joko tradizionalak gure kultur ondare partekatuaren funtsezko osagaiak dira. Gure kontinente osoko komunitateen historia, nortasuna eta ohiturak islatzen dituzte", adierazi du Charlie McConalogue Irlandako Kirol Estatu idazkariak. Herrialde horrek du, hain zuzen, EBko Kontseiluaren txandakako presidentetza.
McConaloguek nabarmendu duenez, kirol horien ikusgarritasuna handitzeak eta herritar gehiago praktikatzera animatzeak tradizio horiek etorkizunean irautea ahalbidetuko du.
EBko 27 estatu kideek ohartarazi dute, hala ere, kirol horietako askok zailtasunak dituztela parte-hartzaile berriak erakartzeko. Besteak beste, urbanizazioa, baliabide ekonomiko eta giza baliabideen falta eta jatorrizko eskualdeetatik kanpoko ikusgarritasun urria aipatu dituzte.
Horren aurrean, gobernu nazionalei eskatu diete kirol horiek babesteko neurriak hartzeko, besteak beste, herrialde bakoitzeko kultur ondarearen inbentarioetan sartuz. Halaber, praktika horiek bizirik mantentzen dituzten tokiko elkarteei eta boluntario taldeei laguntzeko deia egin dute.