GABONAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Dronekin egindako ikuskizun batek emango dio hasiera Gabonei Donostian, Kontxako badian

Atzerako kontaketa amaitzean, Gabonetako argiak piztuko dituzte Udaletxeko terrazan. Horrez gain, argiz betetako baso bat jarriko dute Alderdi Ederreko lorategietan, eta argizko pertsonaia batzuk ibiliko dira bertan, jende artean paseatzen. Ospakizuna hiriko beste toki batzuetara ere zabalduko da.

Dronekin egindako ikuskizuna, Kontxan. Artxiboko argazkia: Europa Press

Mila dronerekin egindako ikuskizun ikusgarri batek ongietorria emango die Gabonei Donostian, Kontxako badian, abenduaren 4an. Horrela, urtarrilaren 6ra arte iraungo duen jai-egitarauari hasiera emango diote Gipuzkoako hiriburuan, askotariko eskaintzak biltzen dituen egitarau zabalarekin.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak Gabonetako egitaraua aurkeztu du ostiralean. Inaugurazio ekitaldian, argi- eta soinu-ikuskizun ederra egingo dute lehenik: argi-sortek badia zeharkatu eta uretan islatuko dira, droneen ikuskizunaren aurretik.

Udalak ohar batean jakinarazi duenez, ondoren, Udaletxeko terrazan atzerako kontaketa egingo dute, Gabonetako argiak pizteko. Argiz betetako baso bat ere jarriko dute Alderdi Ederreko lorategietan, eta argizko pertsonaia batzuk ibiliko dira bertan. Ikuskizuna beste toki batzuetara ere eramango dute une jakin batzuetan, hala nola Kursaaleko Gabonetako bolara, Ramon Labayen plazako agertokira eta Gabonetako azokara.

Gabonetan, Donostia 500 argi-elementu baino gehiagorekin apainduko dute, ehun bat kaletan banatuta. Arkuak, faroletako apaingarriak, zuhaitz argiztatuak, hiru dimentsioko egiturak eta argizko sabaiak jarriko dituzte hirian, besteak beste.

Aurtengo berrikuntzen artean, Urbieta kalean irudi bereziak izango dituen arku berri bat nabarmendu dute. Santa Katalina zubia ere lehen aldiz sartuko dute Gabonetako argiztapenean. Hala, argiztatutako ibilbide batek lotuko ditu Frantzia pasealekuko eta Ramon Labayen plazako azokak.

Bestalde, Zurriola hiribidean, Kursaalaren ondoan dagoen Gabonetako bola izango da gune ikonikoetako bat. Errege Magoen etorrera eta Olentzeroren kalejira ere egingo dituzte, baina aurrerago aurkeztuko dituzte horien xehetasunak.

Argiztapenaz gain, hiru azoka-gune izango dira hirian, adin eta publiko guztientzako eskaintzarekin: Gabonetako Azoka, Frantzia pasealekuko haurrentzako trineo-jaitsiera eta Cervantes plazan jarriko duten bola handi bat, txikienak bertara igo ahal izateko.

Era berean, Kontxako pasealekuan 32 metroko noria jarriko dute berriro, hiriaren ikuspegi berezia eskaintzeko.

Familientzako hainbat ikuskizun ere egingo dituzte Gabonetako gune nagusietan. Horrez gain, goizeko jarduerak antolatuko dituzte hiriko auzoetan, familia osoarentzat pentsatuta.

Donostiako Gabonetako egitaraua musika-saioekin eta kirol-jarduerekin osatuko dute. Besteak beste, Musika Gabonetan emanaldiak, Donostiako Orfeoiaren doako bi kontzertu eta Kontxako hondartzako Gabonak Hondartzan ekimena izango dira.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X