GARRAIOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Astigarragako tren geltokia eraikitzeko lanak 2025eko amaieran edo 2026ko hasieran abiatuko dira

Proiektua aurrera eramateko lan-hitzarmena sinatu ostean, alkateak esan du egun “pozgarria” dela herriarentzat, “Gipuzkoarekin lotuko duen” garraioa izango duelako.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldia. Argazkia: EITB

Eusko Jaurlaritzak iragarri du Astigarragako (Gipuzkoa) aldirietako tren geltokia eta pasabidea eraikitzeko lanak urte honen amaieran edo 2026ko hasieran abiatuko direla. Horixe adierazi du Susana Garcia Chueva Garraio sailburuak Espainiako Gobernuarekin eta Astigarragako Udalarekin batera lan-hitzarmena sinatzeko egin duten ekitaldian.

Proiektuak 15 milioi euro inguruko aurrekontua izango du: Eusko Jaurlairtzak 2,6 milioi euro jarriko ditu, eta Estatuak, gainerakoa. Udalak geltokia eta pasabidea eraikitzeko lur-sailak emango ditu.

Xabier Urdangarin Lasa Astigarragako alkateak esan du “egun pozgarria” dela astigartarrentzat, herria “Gipuzkoarekin lotuko duen” lan-hitzarmena sinatu duelako. Alkateak aitortu du Astigarragak “gabezia handiak” dituela garraio arloan, eta Irun-Brinkola linearekin lotuta, “lanera, ikastera, Tolosako eta Ordiziako azoketara…” joateko aukera izango dutela.

Espainiako Gobernuak 12 milioi euroko inbertsioa egingo du geltokia eta pasabidea eraikitzeko, “aurrekontuaren % 80”, Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Iraunkorrerako Estatu idazkariak azpimarratu duenez.

Aitortu du “ahultzen” utzi duten linea dela Irun-Brinkola, eta egun arazo handiak dituela, tartean joan-etorrien kopuruaren beherakada eta uda honetan eta hurrengoan izango dituen bi hilabeteko etenaldiak, baina 2026ko amaieran “guztia martxan eta maiztasunak berreskuratuko” omen ditu.

Garcia Chuecak, bestalde, baieztatu egin du lanak 2025aren amaieran edo 2026ko hasieran abiatuko direla, eta nabarmendu du trenak “etorkizun handia duen mugikortasun iraunkorrerako tresna” izaten jarraitzen duela. Gainera, gogorarazi du azpiegiturak ez duela Astigarraga soilik aldirietako linearekin lotuko, Loiolako Erriberetako trukagunean Euskotrena hartzeko aukera egongo delako.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X