Herritar guztiek jaso dezakete gripearen aurkako txertoa gaurdanik, aurretiko hitzordua hartuta
Osakidetzak gripearen kontrako 421.732 dositik gora eman ditu txertaketa kanpaina hasi zenetik, eta covid-19aren aurkako 251.563 dosi inguru.
43.300 pertsona baino gehiago izan dira azken bi asteotan txertaguneetan gripearen aurkako txertoa jasotzen, eta gaurtik aurrera herritar guztiek eska dezakete horretarako hitzordua.
Osakidetzak gripearen kontrako 421.732 dositik gora eman ditu, txertaketa kanpaina hasi zenetik, eta covid-19aren aurkako 251.563 dosi inguru. Irailaren 28an hasi ziren Lehen Mailako Arretako osasun zentroetan txertoa jartzen, eta urriaren 19an txertaguneetara zabaldu zuten txertaketa. Aurretiko hitzordurik gabeko txertaketa guneak EAEko hiru lurraldeetan egon dira. Horiek, baina, atzo itxi zituzten. Hartara, gaurdanik, hitzordua eskatu beharko dute gripearen aurkako txertoa hartu nahi duten herritar guztiek. Esan bezala, edonork har dezake txertoa gaurtik aurrera, arrisku taldeko herritarrak izan ala ez.
Osasun Sailak eta Osakidetzak positibotzat jo dute herritarrek txertaguneei emandako erantzuna.
Egoera epidemiologikoa
Zaintza epidemiologikoari buruzko azken datuen arabera (urriaren 19tik 25era bitarteko asteari dagozkionak) % 26 ugaritu dira Lehen Mailako Arretan artatutako arnas infekzio kasuak. Ospitaleratzea behar izan duten kasu larriak, aldiz, % 14 gutxitu dira.
Aztertutako laginetan gehien detektatu den birusa rinobirusa da, katarro arruntaren eragilea. Gripe eta bronkiolitis kasuak, bestalde, apur bat ugaritu dira, eta covid-19 kasuak gutxitu egin dira.
Gaur arte, 919 gripe kasu zenbatu dituzte Lehen Mailako Arretan, eta 122 pertsona ospitaleratu dituzte.
Herritar guztiek eska dezakete jada gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua
Gaurtik herritar guztiek eska dezakete gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua, arrisku taldeetakoak izan zein ez. Osasun zentroan bertan, Osakidetzaren webgunean edo app-ean eska daiteke, edo 900 20 30 50 telefonora deituta har daiteke hitzordua.