Eskualdeko mailako ekitaldia egin dute Zaldibiako gurasoek Ordizian, DBH 3. eta 4. mailatako ikasleei eskola garraioa berrezartzea eskatzeko
Ikasturtea hasi zenetik indarrean dirauen protestarekin jarraituz, eskualde mailako ekitaldia egin dute Zaldibiako guraso eta herritarrek Ordizian, DBH 3. eta 4. mailako ikasleei eskola garraioa berrazartzeko eskatzeko. Aldarrikapenari festa kutsua emanda, bertsoak, gaztaina erreak, dantzak eta trikitixa egon dira Ordiziako plazan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Zaldiako ikasleek Ordiziako Oianguren institutura joan-etorria egiteko erabiltzen zuten eskola garraioa ukatzea erabaki zuen ikasturte honetan bi maila horietan, 164/2023 dekretuan arabera, 4 kilometroko tartea behar delako zerbitzua bermatzeko, eta Zaldibia eta Oianguren ikastetxearen artean 3,8 daudelako.
Alternatiba gisa, ohikoa autobus-linea erregularra erabiltzeko esan zaie ikasleei eta horrek guraso zein eskola komunitatearen haserrea erango du: guztiak eserita joateko adina eserleku ez daudelako eta ikasleak ikastetxera berandu iristen direlako, gurasoek salatu dutenez.
Zaldibiako Guraso Batzarrak gogoratu du dekretuak berak dioela "distantzia oinez ziurtasunez egingarria ez denetan, salbuespen egoera" aplikatuko dela, eta ibilbideak oinez egiteko baldintzak ez dituela betetzen ohartarazi dute; beraz, salbuespena aplikatu beharko litzaiekela.
Aste honetan bertan, Oianguren BHIko irakasleek ere oharra kaleratu dute euren "desadostasuna eta kezka" adieraziz, "Zaldibiako DBHko 3. eta 4. mailako ikasleei eragiten dien eskola garraioaren murrizketaren aurrean".
Zaldibiako zein Ordiziako udalek ere bat egin dute Zaldibiako ikasleen eskola garraioaren aldeko aldarrikapenarekin, eta LAB sindikatuak oharra kaleratu du salatuz Zaldibiako kasuak agerian utzi duela "eskola-garraioak EAEn duen egiturazko arazo sakona".
Hezkuntza Sailarekin akordiora ezin iritsita, Arartekora joko dutela iragarri du Zaldibiako Guraso Batzarrak. Gasteizko Legebiltzarrean agerraldia egiteko bidea ere martxan jarri dute, eta bien bitartean, protesta ekintzekin jarraitzeko asmoa agertu dute.