ELKARTASUNA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Olabide Ikastolak eta Amor Sin Barreras GKEak haurtzaindegi bat kudeatuko dute Kenyan

"Turkanako 100ak" proiektuaren helburua 30 umerentzako haurtzaindegi bat kudeatzea da, hiru urteko epean. Horretarako, 100 enpresaren laguntza behar dute.
"Turkanako 100ak" proiektuak haurtzaindegi bat eraikiko du Kenyan. Argazkia: Amor Sin Barreras GKE

Olabide Ikastolak eta Amor Sin Barreras GKEak hitzarmena sinatuko dute asteartean "Turkanako 100ak" proiektua gauzatzeko, Turkanako Lokitaung herrian (Kenya) 30 umerentzako haurtzaindegi bat kudeatzeko.

Proiektua aurrera eramateko eta haurtzaindegia hiru urteko epean martxan egongo dela bermatzeko, 100 enpresaren laguntza behar dute, eta horietako bakoitzak 1.000 euroko ekarpena egin beharko du.

Olabide Ikastolako zuzendari Ziortza Gilek azaldu duenez, ikastolak urteak daramatza ikasleekin elkartasuna lantzen eta hainbat proiektu txikiagotan parte hartzen. Oraingoan, proiektua handiagoa izango da. "Olabide Ikastolak momentu honetan hiru eraikuntza ditu, eta Kenyan zabalduko dugu laugarrena", adierazi du.

Proiektuaren helburu nagusia lurraldeko haurren heriotza-tasa handiari aurre egitea da, elikadura eta higiene ona izateko ohiturak irakatsiz immunitate-sisteman eragite aldera.

Gilen hitzetan, horrek "hezkuntzarekin lotura handia du"; izan ere, "hemen etxean ikasten ditugu, baina ezin dutenentzat ikastetxeak daude, gizarteak eman ezin diena emateko".

"Turkanako 100ak" proiektuaren beste helburu bat umeekin elkartasuna lantzea da. Gainera, ikastolako irakasleek Kenyako haurtzaindegira joateko aukera izango dute, eta adin nagusikoak diren ikastolako ikasle ohiek ere bai.

Ikasle ohiak aipatuta azaldu duenez, "hemen aritzen diren bezala, txikienei kirolean eta eskolaz kanpoko ekintzetan lagundu ahalko diete. Beste errealitate bat ezagutzeko eta euren laguntza emateko aukera ere izango dute".

Olabide Ikastolako zuzendariaren arabera, proiektua erronka "oso polita" izango da eta "asko ikasiko dugu". "Gure umeek, hango eta hemengo umeek, irabazten aterako duten guztia oso handia izango da", erantsi du.

"Pandemia ez da erraza izaten ari, baina beti daude gu baino okerrago daudenak. Horregatik, uste dugu momentu honetan horrelako proiektu bat bultzatzeak ere bere garrantzia duela. Bere garrantzia du gure zilborrari begira daramagulako ia urtebete, eta, kexak alde batera utzita, denon artean beste gizarte bat eraikitzeari ekin behar diogu", adierazi du.

Albiste gehiago gizartea

PAMPLONA, 11/07/2025.- Los toros de la ganadería Jandilla persiguen a los mozos durante el quinto encierro de los Sanfermines este viernes en Pamplona. EFE/Villar López
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Entzierro azkarra, korrikaldi ikusgarriekin, eta tentsio uneak zezen plazan

Jose Escolar Avilako ganadutegiko zezenek aurtengo sanferminetako entzierro azkarrenetakoa korritu dute, garbia, korrikaldi ikusgarriekin, baina amaieran nahasi dena, zezen-plazan. Izan ere, zezenetako bat atzean geratu da bertan, eta korrikalariei oldartu bazaie ere, ez du minik egin, baina entzierroa bi minutu eta 40 segundora arte luzatu du. Jendetza elkartu da ibilbidean, larunbatetan izan ohi den legez, eta entzierroa bi minutu atzeratu da Santo Domingoko balkoi baten zati bat erori delako. Gizon bati erori zaio gainera, eta sorbaldan zauritu du. Gauean botatako euriak ez du Jose Escolarren animalien lasterketa mantsotu, eta ibilbidea irrist egin gabe osatu dute, erritmo konstantean, korrikalariei adar artean lasterraldi ederrak egiten utziz. Hirugarren urtea da jarraian ganadutegi honetako zezenek ez dutela adarkaturik uzten. Lehenengo balantzearen arabera, lau pertsona eraman dituzte kolpeengatik ospitalera, eta beste bat zezen-plazan bertan artatu dute.

Gehiago kargatu