Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko ekimena aurkeztu dute
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Etxarri Aranazko Udalak (Nafarroa) 'Arnasa gara' ekimenaren kanpaina berria aurkeztu dute ostegun honetan. Euskararentzat arnasguneak diren udalerriak zein haietako herritarrak ahalduntzea eta dagokien aitortza egiteko helburua du ekimenak.
Etxarri Aranazko udaletxean egin da aurkezpena, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano eta Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon.
Ekimen berriarekin, arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia ere nabarmendu nahi dute. Horretarako, udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneetan hizkuntza ohiturei lotutako zortzi egoera landu dituzte zortzi bideo-esketxetan, hau da, gai bakoitzeko bideo bat.
Hala, bideo bakoitzak egoera bat irudikatzen du eta kanpainaren asmoa da egoera horien inguruko sentsibilizazio lanketa bat egitea sare sozialen bidez. Besteak beste, arnasguneetako pertsona erreferenteei elkarrizketak egingo zaizkie (aktore, musikari, kirolari), gaiaren inguruan hausnartzeko. Kanpainak zortzi aste iraungo ditu, martxoaren 22tik maiatzaren 16ra bitarte, eta aste bakoitzean gai bat izango du hizpide.
Esan bezala, kanpainaren euskarri nagusia zortzi bideo labur dira (minutu batekoa bakoitza), eta esketx erara bertan lantzen diren diskurtsoak, batez ere, arnasgune edo eremu oso euskaldunetako herritarrei zuzenduta daude. Dena den, 'Arnasa Gara' ekimenak arnasguneetatik kanpo bizi direnengana iristeko asmoa ere badu, arnasguneen errealitatearen ezagutza eta herri horiek euskararen biziraupenean duten garrantzia azpimarratzeko eta aitortzeko.
Kanpaina dinamikoa izango da, batez ere sare sozialen bidez garatuko delako eta herritarren elkarrekintza sustatzea izango duelako xede. Bide horretan, astero zozketak egingo dira kanpainan zehar sare sozialetan aurkeztuko diren edukiak gertutik jarraituko dituztenen artean.
Kanpaina amaitu ondoren jarraipena izango du 'Arnasa Gara' ekimenak, UEMAko kide diren herrietan zortzi bideoak aurkeztu eta hausnarketa saioak ere egingo dituztelako tailer formatuan. Era berean, UEMAko kide diren udalerrietako eskoletan lantzen duten hezkuntza proiektuaren baitan ere erabiliko dituzte aurrerantzean bideoak, soziolinguistika edukiak eta hizkuntza ekologia eskoletan lantzeko prestatuta dituzten unitate didaktikoetan.
Elkarlana
Bingen Zupiriak nabarmendu egin du hizkuntza politikaren arloan erakunde desberdinen artean ematen den lankidetza. Gainera, adierazi duenez, "arnasguneei euskararen biziberritze prozesuan duten garrantzia eman eta zaintzen jarraitu nahi duen programa bat da" ostegun honetan aurkezturiko ekimena.
Bere hitzetan, Euskararen Agenda Estrategikoan ezarrita dagoen modura, Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren egitekoetako bat da, "euskara ohiko hizkuntza izango duten arnasgune eta funtzioak zaindu, indartu eta hedatzea, euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bermatzeko eta erreferentzialtasun soziala indartzeko".
"Azken batean, helburua ez baita euskararen ezagutza zabaltzea, besterik gabe, baizik eta euskal hiztunak sortzea. Eta helburu hori erdiesteko bidea da guretzat programa hau", gaineratu du.
Halaber, Ana Ollok ziurtatu du Nafarroako Gobernuak arnasguneek duten garrantzia azpimarratzea eta euskal komunitatea indartzea duela xede. "Neurri batean, denok baitugu gure hizkuntza jokaera aztertzeko eta dugun jokabideaz kontziente izateko beharra", zehaztu du.
Azkenik, Iraitz Lazkanoren hitzetan, "arnasguneen aitortza eta arnasguneak sendotzea UEMAren izaeraren oinarrian dagoen zerbait da", eta, beraz, 'Arnasa gara' kanpaina "bereziki garrantzitsua" da UEMArentzat. "UEMAk urte askoan esan eta aldarrikatu duena gaur egun hainbat erakunde publikok ere onartzen eta zabaltzen dutela ikustea ederra da", esan du.
'Arnasa gara'
Euskararen arnasguneak hizkuntzaren biziberritzean zein garrantzitsuak diren nabarmentzeko, 'Arnasa gara' kanpaina abiatu zuten duela bi urte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Euskarabideak, Euskararen Erakunde Publikoak eta UEMAk. Hainbat herritan egindako aurkezpen ekitaldiez gain, 'Kartzela' websaila izan zen euskarri nagusia.
Bi helburu eta fase izan zituen orduan kanpainak. Batetik, arnasguneetako biztanleek kontzientzia hartzea, eta bestetik, gainerako euskal herritarrek ere jakitea arnasguneak babestea eta hedatzea euskararen normalizaziorako ezinbestekoa dela.
Aurten ere ikus-entzunezko edukiak landu dituzte, sare sozialen bidez zabaltzeko. Hiru Damatxok ekoitzi ditu zortzi bideoak, eta Iametza arduratu da komunikazio kanpainaz. Orain arteko edukiak arnasagara.eus webgunean daude eskura.
Zure interesekoa izan daiteke
50.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena jada Osakidetzako EPEn
EiTBk jakin ahal izan duenez, izen-emateak erritmo altuari eutsi dio hasieratik, 50.000 pertsona baino gehiagok eman baitute izena apirilaren 22ra arte irekita dagoen prozesuan.
19 eta 21 urte bitarteko bost gazte atxilotu dituzte Gasteizen adingabe bat sastatzeagatik
Adingabea Txagorritxuko ospitalera eraman dute. Atxilotuak hilketa saiakera delitua egotzita atxilotu dituzte, eta polizia-etxera eraman dituzte. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
Eneko Axpe: “Misio hau abiapuntu da Ilargian azpiegitura eraiki eta gizateria Martera joateko”
Artemis II misioa abiapuntua baino ez da Ilargian bizitzeko azpiegitura eraiki eta gizakia bertako baldintzetara egokitzeko ikerketak egiteko. Azken helburua, baina, Martera iristea da, Eneko Axpe fisikariak eta NASAren kolaboratzaileak azaldu duenez.
Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz
Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.
Ekain Perrino: "Gorroto-delitua dela onartu da, baina 2 urteko espetxe zigorra ez da ezer"
Justiziak Ekain Perrinok 2021ean Basaurin jasandako eraso homofoboaren egile gehienak zigortu ditu. Hamaika egileetatik hamarrek bi urteko espetxe zigorra jaso dute, osotasun moralaren aurkako delituagatik; hamaikagarrenari, berriz, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri diote. Perrino pozik agertu da gorroto-delitua onartu duelako epaileak, 2 urteko espetxealdia ez dela nahikoa adierazi du.
Mugikorreko NANa, indarrean: Zertarako balio du eta zertarako ez?
MiDNI aplikazioari esker, dagoeneko aurrez aurre identifika zaitezke telefonoarekin. Hala ere, ez du dokumentu fisikoa ordezkatuko kasu guztietan, nazioarteko bidaietan edo zenbait gestio egiterakoan adibidez.
Bederatzi urteko mutiko bilbotar bat hil da Medina de Pomarren izandako auto-istripu batean
Sei urteko beste adingabe bat eta bi heldu larri zauritu dira istripuan, Gaztela eta Leongo Gobernuko larrialdietarako zerbitzuak jakitera eman duenez. Horietako bi Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte.
Ekainek eta bere familiak uste dute "oso eskasa" dela erasotzaileei ezarritako bi urteko espetxe-zigorra
Silvia Gomezek, 2021eko ekainaren 6ko goizaldean Basaurin eraso bortitza jasan zuen Ekain Perrinoren amak, uste du erasotzaileen aurkako epaia "ez dela nahikoa", eta ez dute baztertzen helegitea aurkeztea. Justiziak bi urteko kartzela-zigorra ezarri die 11 akusatuetako 10i.
Poliziak lehergailurik ez zuen maleta bat detonatu du Nafarroako Justizia Jauregian
Eztanda egitean, ikusi dute ez zela objektu arriskutsua, eta normaltasuna berreskuratu da inguruan. Ez dakite nola iritsi den objektua bertara.
Petrolio-konpainiek egunean 81 milioi euro gehiago irabazten dituzte Europar Batasunean gerra hasi zenetik, Greenpeaceren arabera
GKEak eskatu du konpainia horien aparteko irabazien gainean zergak ezartzeko, trantsizio energetikoa finantzatzeko eta kutsatzaile handiak zergapetzeko.