SUTEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Langile bat hil da taberna batean izandako sutean, Donostian

36 urteko gizona oso larri aurkitu dute suhiltzaileek, lurpeko biltegi batean. Kanpora eraman dute eta suspertzen saiatu dira, baina bertan hil da. Hasierako ikerketaren arabera, ustekabeko sutea izan da.
18:00 - 20:00
Taberna bateko langile bat hil da Donostian, sukaldean piztutako sute baten ondorioz

36 urteko langile bat hil da Donostian, gaur goizean, Gros auzoko Usandizaga kalean dagoen Gure Txoko tabernan piztutako sutean.

Zabaldutako informazioaren arabera, goizeko lehen orduan piztu da sua, eta suhiltzaileek 09:00ak inguruan jaso dute abisua. Taberna itxita zegoen, eta jabeak bertaratu behar izan du atea zabaltzera. Sua itzaltzera sartu direnean, gizonezko bat aurkitu dute barruan, lurpeko biltegi batean, larri zaurituta. Kanpora atera eta suspertzen saiatu badira ere, handik gutxira tokian bertan zendu da.

Ikerketa zabalik dago, baina, hasierako zantzuen arabera, ustekabeko sutea izan da. Tabernako ke-erauzgailuak piztuta zeuden, eta horri esker ez da kea eraikin osoan zabaldu.

LABek lan-istripua salatu du. Sindikatuaren arabera, urtea hasi zenetik 52 pertsona hil dira Euskal Herrian izan diren lan-istripuetan.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X