EUSKADI IRRATIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eneko Goia: "Realzale eta donostiar bezala lotsatu egiten nau, benetan gaitzesgarriak diren portaerak dira"

Realaren eta Atletico Madrilen arteko partidaren atarian, Anoeta kanpoaldean izandako istiluak gaitzetsi ditu Donostiako alkateak. Horrez gain, San Sebastian bezpera lasaia izan dela nabarmendu du.
Eneko Goia Donostiako alkatea
Eneko Goia Donostiako alkatea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

San Sebastian egunaren bezperan, Realaren eta Atletico Madrilen arteko futbol partidaren atarian Anoeta kanpoaldean izandako istiluak gaitzetsi ditu Eneko Goia Donostiako alkateak. Benetan portaera gaitzesgarria dela azpimarratu du Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan: "Eman genuen espektakulua lekuz kanpo dago erabat. Realzale eta donostiar bezala lotsatu egiten nau horrelako gauzak ikusteak. Nik uste benetan gaitzesgarria den portaerak direla". Hori albo batera utzita, gaua lasaia izan dela nabarmendu du. Gaur egun dauden murrizketekin tabernek 01:00ak arte zabaltzeko baimena zuten.

San Sebastian eguneko ohiko ekitaldiak bertan behera gelditu dira, eta haurren danborrada izango da eguneko ekitaldi bakarra Donostian. 12:00etan hasiko da, baina ezohiko moduan egingo dute, hiriko bost auzotan banatuta. Eneko Goiak Euskadi Irratian iragarri duenez, "batetara behintzat hurbilduko naiz".

Urtero, eguraldiari begira izaten dira danborradako parte-hartzaileak, eta aurten ere ez da salbuespena izango. Eneko Goiaren esanetan, eguraldi iragarpenaren arabera ez du euri asko egingo, baina egingo balu igandera atzeratuko litzateke.

Urrezko Danborra Esther Ferrerri emateko ekitaldiaz galdetuta, Eneko Goiak esan du ulertzen duela egungo egoerarekin artista Donostiara etorri ez izana. Goia bera Parisera joan zen saria ematera, eta "oso pozik eta eskertuta" ikusi zuen sariduna.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz

Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.

Ekain Perrino, elkarrizketa EiTBn
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ekain Perrino: "Gorroto-delitua dela onartu da, baina 2 urteko espetxe zigorra ez da ezer"

Justiziak Ekain Perrinok 2021ean Basaurin jasandako eraso homofoboaren egile gehienak zigortu ditu. Hamaika egileetatik hamarrek bi urteko espetxe zigorra jaso dute, osotasun moralaren aurkako delituagatik; hamaikagarrenari, berriz, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri diote. Perrino pozik agertu da gorroto-delitua onartu duelako epaileak, 2 urteko espetxealdia ez dela nahikoa adierazi du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X