EUSKARA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Antsoaingo herritarrek euskara doan ikasi ahal izango dute

Ekainaren 1etik uztailaren 21era zabalik egongo da 2023ko ekainetik 2024ko maiatzera bitartean euskara ikasteagatik dirulaguntzak eskatzeko epea. Nafarroako Eremu Mistoan hori egiten duen lehen udalerria izango da.
Irudia: EITBko erabiltzailea
Irudia: EITBko erabiltzailea

Euskara ikastea doakoa izango da Antsoaingo herritarrentzat, Udalak bultzatzen duen euskara ikasteko laguntzen deialdiari esker. Ekainaren 1etik uztailaren 21era arte zabalik egonen da 2023ko ekainetik 2024ko maiatzera bitartean euskara ikasteagatik dirulaguntzak eskatzeko epea. Hala, Euskarabidearen dirulaguntza osatuko du matrikula osoa % 100a bete arte, baldin eta eskatzaileak baldintzak betetzen baditu; Nafarroako Eremu Mistoan hori egiten duen lehen udalerria da.

Laguntza jasotzeko eskubidea aurrez aurreko euskara-eskoletara joaten diren pertsonek izango dute, bai urteroko eskola estentsiboetan ikasten dutenek, baita barnetegi edo akademietara joaten direnek ere. Laguntzaren % 100a lortzeko, beharrezkoa izango da ikastaroko eskolen % 80ra baino gehiagora joatea, Euskarabideari ikasturte berean dirulaguntza eskatuta izatea eta eskaera Antsoaingo Udalean aurrez aurre edo egoitza elektronikoaren bidez aurkeztea.

Pertsona bakoitzak gehienez 800 euro jaso ahal izango ditu. Nafarroako Gobernuaren titulartasun publikoko zentroetara joateagatik Euskarabidearen deialdian parte hartu ezin dutenek matrikularen zenbatekoaren % 40a jasotzeko eskaera udaletxean aurkez dezakete.

Antsoaindarrek euskara ikasteagatik "zero kostua" izatea da Antsoaingo Udalak aurtengo laguntzen deialdian markatu duen helburua.

NASTATen azken inkestaren arabera (2024ko maiatza), euskararen ezagutzari dagokionez, Antsoainek Iruñerriko ehunekorik handienetako bat dauka (biztanleriaren %35,7). Izan ere, %19,7a euskaldun osoa da eta %16a euskaldun hartzailea, Nafarroako batez bestekoa baino hamar puntu handiagoa (%26,7). Zubiarte euskaltegi publikoak herrian A1 eta B2 mailak ikasteko aukera eskainiko du.

Marta Diez Napal herriko alkateak adierazi duenez, "Nafarroan euskara ikastea doakoa izatearen ideia ez da berria, baina garrantzitsua da ideia hori errealitate bihurtzeko pausoak ematea. Antsoaingo Udalak ahalegin bat egin nahi du zentzu horretan eta, kostu ekonomikoari dagokionez, gure hizkuntzaren ezagutza oztopo bat ez izatea lortu nahi du".

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz

Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.

Ekain Perrino, elkarrizketa EiTBn
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ekain Perrino: "Gorroto-delitua dela onartu da, baina 2 urteko espetxe zigorra ez da ezer"

Justiziak Ekain Perrinok 2021ean Basaurin jasandako eraso homofoboaren egile gehienak zigortu ditu. Hamaika egileetatik hamarrek bi urteko espetxe zigorra jaso dute, osotasun moralaren aurkako delituagatik; hamaikagarrenari, berriz, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri diote. Perrino pozik agertu da gorroto-delitua onartu duelako epaileak, 2 urteko espetxealdia ez dela nahikoa adierazi du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X