5 urte eta erdiko espetxe-zigorra, koinata adingabeari bi urtez sexu-abusuak egiteagatik
Auzipetua ezingo da adingabearekin komunikatu ezta 200 metro baino gutxiagora hurbildu ere, 10 urte eta 6 hilabeteko epean. Gainera, 40.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari.
Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioak 5 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio familiarekin batera etxean bizi zen koinata adingabeari bi urtez sexu-abusuak egitegatik.
Auzipetua 39 urteko gizon espainiarra da, eta ezingo da adingabearekin komunikatu ezta 200 metro baino gutxiagora hurbildu ere, 10 urte eta 6 hilabeteko epean. Erantzukizun zibil gisa, 40.000 euroko kalte-ordaina emango dio biktimari, eragindako kalte moralagatik.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, 2019an, gurasoak atzerrira joan zirenean, adingabea ahizparekin eta haren bikotekidearekin bizitzera joan zen, Iruñetik gertu dagoen herri batera.
Akusatuak, koinatak mutil-laguna zuela jakin ondoren, mehatxatu egin zuen. Epaian jasotzen denez, "beste aukera bat eskaini zion: berarekin sexu-harremanak izatea, gertakari horiek ez kontatzeko". Bi urtez egin zizkion erasoak.
Halako batean, auzipetuak mugikor bat jarri zuen adingabearen logelan, erdi ezkutatuta. Dutxatik ateratzean eta arropaz aldatzen zenean grabatzen zuen.
Biktimaren eskola-emaitza eskasak zirela eta kezkatuta, beste ahizpa bat haren ardura hartzeko prest agertu zen. Une horretan kontatu zuen biktimak ordura arte gertatutakoa; lehenik hainbat laguni jakinarazi zien, eta, ondoren, ikastetxean bertan.
Hilaren 3an egindako epaiketaren aurretik, fiskaltzak 11 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen 16 urteko adingabe bati sexu-abusua egiteagatik, nagusitasun-egoera baliatuta. 10 urte gehiago, intimitatearen aurkako delitua egiteagatik, eta haur-pornografia egitea ere egotzita. Baina akusatua azken horretaz absolbitu zuten, lortutako akordioaren arabera akusazioa erretiratu egin baitzen, beraz, kondena 5 urte eta 6 hilabetekoa izango da azkenean.