Hatortxu Rock musika eta elkartasun jaialdiak ibilbidea amaituta, Aske jaialdiari emango dio bide
Euskal presoen sakabanaketak senideei eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko sortu zen jaialdia duela 26 urte eta 30 jaialdi egin dituzte ordutik, auzolana ardatz. Sakabanaketa amaituta, Euskal Herriaren Askatasuna izango du aldarri abenduan jaioko den jaialdi berriak.
26 urte eta 30 jaialdiren ostean, agur esan diote asteburuan Lakuntzan bildu diren milaka lagunek Hatortxu Rock musika eta elkartasun jaialdiari.
Ostegunetik igandera ehun talde baino gehiago igo dira azken Hatortxuko oholtzetara eta igande eguerdian agur ekitaldi hunkigarri batekin iraganera eta etorkizunera begiratzeko tartea hartu dute bertan bildutako artista, musika-zale eta Hatortxuren bizkarrezur izan diren boluntarioek (30.000tik gora, urte guzti hauetan).
Eztizen Artolak, Joseba Artola presoaren alabak eman dio hasiera ekitaldiari, aita kartzelan zegoela sortu zen bera. Hala kontatu du: "Telefonoz entzun zuen aitak aurrenekoz nire negarra, eta Berriozarren Hatortxuren desmuntaia lanetan zenbiltzatela egin nuen lehen bidaia espetxera, 15 egun nituela, Langraitzeko kartzelara. Zuek guztiak Uharten, Zizurren, Atarrabian zenbiltzatenean, gu Mansilla de las Mulasen, Burgosen, Fleuryn, Badajozen, Picassenten, Lannemezanen, Aranjuezen geunden".
Euskal presoen sakabanaketak senideei eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko sortu zen 1999an Hartortxu Rock, Berriozarren egin zen aurrena, eta 26 urte beranduago, sakabanaketa amaituta, Hatortxuren arrazoia bera ere amaitu dela esan dute. Izan ere, ahal bezain lasterren desagertzeko borondatez jaio zen jaialdia, eta iritsi da unea. Horregatik, eta azkena zela jakinda, pena eta poza biak izan dira asteburu honetan nagusi Lakuntzan.
Hala ere, nabarmendu dutenez, bidea ez da amaitu, eta Euskal Herriak bizi izan duen gatazka politikoaren ondorioak "behin betiko gainditzeko garaia" dela adierazi dute.
Harrera elkarteko Aduna Mendizabalek oholtza nagusitik esan duenez, "garai berri hauetan gatibu zein erbestean ditugunak gero eta gutxiago diren arren, gero eta gehiago dira preso, errefuxiatu eta deportatu ohiak". Bere hitzetan, "gaur egun presoak kondena osorik bete baino lehen, modu progresiboan kalera atereaz egiten du askatasunerako ibilbidea" eta hain zuzen ere irteera hori bermatze aldera dabil lanean Harrera Elkartea, "askatasunerako ibilbidea lehenbailehen egiten has daitezen".
Konponbiderako bidea luzeegia izan dela salatuta, euskal presoen etxeratzea exijitu dute.
Abenduaren 27an jaioko da 'Aske'
Hatortxuri agur esanda, bide berri bati ekingo diotela iragarri dute, eta abenduaren 27an musika jaialdi berri bat hasiko da, izen berriz eta helburu berrituaz, 'Aske' Euskal Herriaren Askatasuna aldarrikatzeko jaioko da, eta Atarrabian izango du abiapuntu.