Jon Insausti Donostiako alkate izendatu dute
Orain arte Kultura, Euskara eta Turismo arduradun izan den EAJko zinegotziak Eneko Goiaren lekukoa hartu du. Goia hamarkada batez izan da Donostiako Udalaren buru.
Jon Insausti Donostiako alkate izendatu berri dute, Udalean egindako ezohiko osoko bilkuran. 36 urteko EAJko zinegotziak Eneko Goiaren lekukoa hartu du. Goiak urriaren 16an iragarri zuen ez zuela alkate izaten jarraituko, hamar urteko zikloa itxita zegoela iritzita.
Osoko bilkuran Tomas Pascuak (Jorge Mota PPren zinegotzia ordezkatuko du) eta Idoia Garciak (EAJren zinegotzia) kargua hartu dute. Ondoren, bozketa egin da, eta Insaustik Donostiako alkate izateko gehiengoa lortu du.
Azken asteetan, Nekane Arzallus zinegotzia izan da alkate, eta Insausti hautatuta, EAJk Donostiako Udalaren lidergoari eutsi dio.
Alkate berria, donostiarra eta euskaltzalea, azken bi legegintzaldietan udal gobernuan izan den pertsonarik nabarmenetakoa izan da, bereziki Kultura, Euskara eta Turismo arloan egin duen kudeaketagatik. Inbestidurak etapa berri bati hasiera eman dio Gipuzkoako hiriburuko udal politikan, Goiak hasitako proiektuari jarraipena emateko eta Udalean alderdien arteko lankidetza indartzeko erronkarekin.
Alkate berriak Goiaren eskutik jaso du alkate makila eta, ondoren, udal taldeetako bozeramaileei bostekoa eman die. Kargu hori hartzeaz "harro" agertu da, eta "umiltasunez" lan egingo duela adierazi du.
Gainera, "erronka" hori "gure belaunaldi baten erronka" gisa hartzen duela adierazi du, 2015ean ezagutu zuen hiria "bestelakoa" delako orain, nahiz eta "espiritua eta anbizioa mantendu". "Nahi dudan Donostia pertsona sortzaile eta sortzaileena da, errutina garaitzen dutenena", adierazi du, bere "misioa Donostiaren zerbitzura indarrak batzea" dela azpimarratzeko.
"Donostia barrurantz, pertsonengana eraldatzea da nire proiektua", azpimarratu du. Insaustik jakinarazi du "aldaketa hori barnera bideratzeko ilusioa" duela. Gainera, Udal Gobernuaren "lehentasunak etxebizitza, segurtasuna, enplegua eta eguneroko bizitza" izango direla adierazi du.