Koldo Garciak bere "errugabetasuna" defendatu du eta maskaren erosketan erabakitzeko ahalmenik ez zuela gaineratu du
Maskarak iruzurra eginda erosi ziren ala ez ikertzeko egiten ari diren epaiketan, Abalosen aholkulari izandakoak esan du ez duela gogoratzen esleipena egokitu zitzaion eskaintza Aldamak igorri ote zion.
Koldo Garcia, Auzitegi Gorenean egiten ari diren epaiketan. Argazkia: EFE
Pandemia garaian Espainiako Garraio Ministerioak esleitutako maskaren kontratuetan izandako ustezko irregulartasunengatik egiten ari diren epaiketan, Koldo Garciak deklaratu du.
Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiaren aholkulari izandakoak bere errugabetasuna defendatu du eta Ministerioan erabaki ahalmenik ez zuela azpimarratu du. Auzitegi Goreneko epailearen aurrean adierazi duenez, ministro ohiak osasun materiala jasotzeaz arduratzeko agindu zion eta horretan aritu zen.
"Nik ez nuen ezer erabakitzen. Mahai gainean zeuden eskaintzak teknikariei pasatzen nizkien", azaldu du.
Maskaren kontratua irabazi zuen eskaintza (Soluciones de Gestion) Victor de Aldama enpresariak igorri ote zion galdetuta, ez dela gogoratzen erantzun du Koldok.
Jose Luis Abalosen aholkulari ohiak irmo ukatu ditu Victor de Aldama enpresariak milioi askoko komisioen kobrantzaren eta PSOEren legez kanpoko edozein finantzaketaren inguruan egindako akusazioak. Garciak Aldamarekin duen adiskidetasuna onartu du, baina bere jarduera eta negozio asko ez dituela ezagutzen adierazi du.
Halaber, ukatu egin du 2009tik 2022ra Aldamak hilero 10.000 euro ordaindu zizkiola, atzo enpresariak epailearen aurrean esan bezala.
Koldoren arabera, Aldama gerturatu zen Abalos eta berarengana, eta, ez alderantziz. Gainera, Abalosen bikotekide bihurtuko zenak (Jessica Rodriguez) ministro ohiari bizitza pertsonaleko kontuak zabaltzearekin mehatxu egin omen zion.
500 euroko billeteak, "txistorrak" modura
Koldo Garciak Auzitegi Gorenean onartu du 500 euroko billeteak "txistorrak" zirela, eta PSOEren aldetik horrelako "batzuk" jaso zituela gastu aurreratuak itzultzen zizkiotenean, "erabat legezkotzat" joz.
Era berean, ziurtatu du bitartekari lana baino ez zuela egiten, erabakitzeko gaitasunik gabe, bai Air Europaren erreskatean, bai maskaren inguruko kontratuetan, eta teknikariei eskaintzak helaraztera mugatzen zela bere jarduna.
Akusatu gisa egindako deklarazioan adierazi duenez, PSOEren eskudirutik "egiaztatutako diru-sarrerak" daude, mota "guztietako" billeteekin eta hiru urtez.
Dena dela, ukatu egin du gainerako billeteak bestelako izenekin aipatu izana: "Ez dakit zer esan nahi duten izen horiek".
Mariano Moreno PSOEko gerente ohiak epaiketan lekuko gisa egindako deklarazioan ziurtatu zuen "inoiz ez" zela 500, 200 edo 100 euroko billeterik erabili Abalos eta Koldori gastuak itzultzeko.