Andre Maria Zuriaren jaiak 2025
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gasteizko Mugimendu Feministak "intentsitate handiko" bi sexu-eraso salatu ditu ostegun gauean

Elkarretaratzea egingo dute larunbatean, 20:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan, azken erasoak salatzeaz gain, arreta erasotzaileengan jartzeko.

Gasteizen indarkeria matxistaren aurka egindako elkarretaratze baten artxiboko argazkia.

Gasteizko Mugimendu Feministak "intentsitate handiko" bi sexu-eraso salatu ditu azken orduetan, Andre Maria Zuriaren jaien testuinguruan. Azaldu dutenez, ostegun gauean gertatu ziren, txosnagunean Fermin Muguruzaren kontzertua hasi aurretik.

Gertatutakoa gaitzesteko, herritarrak elkarretaratzera deitu dituzte larunbat honetan, 20:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan. Azken erasoak salatzeaz gain, erasotzaileengan jarri nahi dute arreta. Arabako hiriburuko Mugimendu Feministatik gogorarazi dutenez, azken orduetakoak "ez dira eraso bakarrak izan" aurtengo jaietan.

Orain arte, hiru pertsona atxilotu dituzte sexu-askatasunarekin lotutako delituengatik. 21 urteko gizon bat atxilotu dute hainbat emakume behin eta berriz jazartzeagatik, eta 43 urteko beste bat, berriz, neska bat jazartzeagatik eta mehatxu larriak egiteagatik. Azken horrek ukabilkada bat ere eman zion agente bati. Gainera, 47 urteko gizon bat ere atxilotu dute Aldabe plazatxoan adingabe batzuen aurrean genitalak erakusteagatik.