Israelen aurkako protestek Vueltako helmuga 3 km aurreratzera behartu dute Bilbon
Manifestari ugari mobilizatu dira Israel-Premier Tech taldearen parte-hartzearen aurka protesta egiteko.
Israelen genozidioaren aurkako protestek eta Palestinarekiko elkartasun adierazpenek Bizkaiko errepideak hartu dituzte asteazken honetan, Espainiako Vueltaren ildotik. Bilbon, Palestinako banderadun milaka pertsona bildu dira helmugan.
Egoera horren aurrean, "segurtasun arrazoiengatik", eta helmugan gerta daitezkeen gorabeheren aurrean, lasterketaren zuzendaritzak helmuga 3 kilometro aurreratzea erabaki du, eta ez da etapa irabazlerik egongo: "Sailkapen orokorreko denborak helmugatik 3 kilometrora hartuko dira".
Milaka pertsona bildu dira Vueltako hamaikagarren etapako helmugan, Bilbon, "Palestinarentzako askatasuna" aldarrikatzeko eta Israelek egindako genozidioa salatzeko.
Gernika-Palestina plataformak egindako deialdiari erantzun diote, izan ere, Premier Tech talde israeldarrak parte hartzen duen txirrindularitza proba honetan Israelek Gazan izan duen jarreraren aurka mobilizatzeko deia egin du.
Bilboko Kale Nagusiko bi aldeetan bildu direnek ikurrinak eta Palestinako banderak eraman dituzte, eta Israelen eta genozidioaren aurkako zein Palestinarekiko oihuak egin dituzte.
Mezuak areagotu egin dira tropela, aurreikusita zegoen bezala, lehen aldiz helmugatik igaro denean, Gangurenetik bigarren igoerari eta ondoren Pike Bideari aurre egin eta Bilbon behin betiko amaitu aurretik.
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu eta bost identifikatu ditu protestetan, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez.
Etapa hasi baino lehentxeago, taldeetako ordezkariak eta lasterketako antolatzaileak bildu egin dira, txirrindularien segurtasuna eta talde israeldarrak protesten aurrean duen jarraipena aztertzeko. Talde batzuek lehiaketatik kanporatzeko aukera planteatu ei dute.
Bere aldetik, Israel-Premier Tech txirrindularitza taldeak ohar baten bidez adierazi du Vueltan lehiatzen jarraituko duela, Bilbon izandako protesten gainetik, ekintza horiek “arriskutsuak eta beren helburuetarako kaltegarriak” direla iritzita. Taldeak azpimarratu du protestarako eskubidea “errespetatzen” duela, “baldin eta modu baketsuan egiten bada eta tropelaren segurtasuna arriskuan jarri gabe”.
Era berean, eskerrak eman dizkie lasterketaren antolatzaileei eta poliziari ingurune segurua bermatzeko egindako ahaleginagatik. Taldearen arabera, manifestarien jokabideak txirrindularien osotasuna “arriskuan” jarri zituen, eta deitoratu du euskal zaleak etaparen amaiera bete-betean bizitzeko aukerarik gabe utzi dituela, horiek “munduko jarraitzailerik onenak” direla gogoratuta. Azkenik, taldeak eskertu du UCIren, antolatzaileen, gainerako taldeen, txirrindularien eta zaleen babesa.
Proba eten dute, bi minutuz
Txirrindularitza-proba bi minutuz eten egin behar izan dute gaur Bilbon, Enekuri gainean, "Israelen genozidioa" salatzeko Palestinarekin Elkartasuna plataformako hainbat ekintzailek egin duten protestaren ondorioz.
13:35ean abiatu da lasterketa San Mames paretik, eta Enekuri gainera iritsi denean, hainbat ekintzale errepide erdira atera eta "Destroy Israel" idatzita zuen pankarta zabaldu dute, Palestinako banderak eskuan zituztela. Une horretan ibiltzen ari ziren txirrindulariak gelditu egin dira.
Ertzaintzako agenteek ekintzaileak bidetik atera dituzte, eta lasterketa berriro abiatu da.
Gangurenen, beste hainbat pertsona saiatu dira pankarta bat ateratzen errepidera, baina, kasu honetan, ez dute txirrindularien bidea eten.
Atalari buruzko albiste gehiago
Hatortxu Rock musika eta elkartasun jaialdiak ibilbidea amaituta, Aske jaialdiari emango dio bide
Euskal presoen sakabanaketak senideei eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko sortu zen jaialdia duela 26 urte eta 30 jaialdi egin dituzte ordutik, auzolana ardatz. Sakabanaketa amaituta, Euskal Herriaren Askatasuna izango du aldarri abenduan jaioko den jaialdi berriak.
Bizkaiko autoeskoletako langileek hirugarren greba egunari ekin diote
Goizeko 08:30ean manifestazioa abiatu dute Bilboko Casilda Iturrizar Parketik Bizkaiko autoeskoletako irakasleek. Zazpi hilabete daramatzate sindikatuek patronalarekin negoziatzen, baina hainbat bilera egin eta gero, ez dute akordiorik lortu. Hirugarren greba eguna dute gaur, lan hitzarmena berritzea eskatzeko.