Sanchezek "gerrari ez" leloa defendatu du, eta adierazi du ez dela Trumpen "errepresalien beldur"
AEBk eta Israelek Irani egindako erasoaren harira egindako adierazpen instituzional batean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu du Espainiaren jarrera argia dela: nazioarteko zuzenbidea ez errespetatzea arbuiatzea eta iraganeko akatsetan erortzea saihestea. Ohartarazi duenez, Espainia "ez da munduarentzat txarra den zerbaiten konplize izango, baten baten errepresalien beldurragatik soilik".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu duenez, AEBk eta Israelek Irani egindako erasoek Ekialde Hurbilean eragindako gatazka belikoaren aurrean Gobernuak duen jarrera bi hitzetan laburbiltzen da: "Gerrari ez". 2003ko Irakeko gerraren harira famatu egin zen leloa.
Gatazka hari buruz aritu da zehazki: "Teorian Sadam Huseinen suntsiketa masiboko armak desagerrarzteko, demokrazia bertara eramateko eta segurtasun globala bermatzeko" egin zen gerra, baina, ohartarazi duenez, "kontrakoa eragin zuen", segurtasun falta eta terrorismoa areagotu zen, eta ekonomia globala, kaltetu.
"Hori izan zen Azoreetako hirukoak orduko hartan europarrei egindako oparia: segurtasun gutxiagoko mundua", esan du AEBk eta Israelek Iranen kontra egindako bonbardaketen harira hauspotu den egoeraren inguruko azalpenak emateko egin duen agerraldi instituzionalean. Moncloako Jauregian egin da, eta ez da galderarik egin.
Azaldu duenez, "oraindik goiz da jakiteko Irango gerrak Irakekoak ekarri zituen ondorioen parekoak ekarriko dituen (...), baina badakigu hortik ez dela nazioarteko ordena bidezkoago bat aterako. Eta ez dira aterako soldata handiagoak, zerbitzu publiko hobeak, ez ingurugiro osasungarriago bat. Are gehiago, aurreikusi dezakegu ezegonkotasun ekonomiko handiagoa ekarriko duela, eta petrolioaren eta gasaren prezioak igoko direla".
"Horregatik, Espainian hondamen horren kontra gaude. Ulertzen baitugu gobernuak herritarren bizitzak hobetzeko gaudela, arazoei irtenbideak emateko, eta ez bizitzak zailtzeko. Eta erabat onartezina da mandatu hori bete ezin duten agintariek gerraren kea erabiltzea euren porrota estaltzeko, eta, bide batez, gutxi batzuen patrikak betetzeko. Betikoenak. Munduak misilak eraikitzeko ospitaleak eraikitzeari uzten dionean irabazten duten bakar horienak".
Gogorarazi duenez, "espainiarrek beti gaitzetsi izan zuten Sadam Huseinen diktadura Iraken, baina ez zuen, haatik, Irakeko gerra babestu. Legez kanpokoa zelako, bidegabea zelako, eta ez zuelako konpondu nahi zituen arazoetako ia bakar bat ere konpontzeko balio". Horren haritik, Irango aiatolen erregimen "beldurgarria" gaitzetsi du, "herritarrak, bereziki emakumeak, zapaldu eta hiltzen ditu eta", baina, era berean, gatazka arbuiatu du, eta "konponbide diplomatiko eta politikoa" eskatu ditu, haren hitzetan, "legaltasunik eza ezin baita legaltasunik ezarekin erantzun".
Sanchezen arabera, "inozotzat hartuko gaituzte batzuek, baina, inozokeria da pentsatzea irtenbidea indarkeria dela. Inozokeria da sinestea demokraziak edo herrialdeen arteko errespetua hondakinetatik jaiotzen dela. Eta pentsatzea norbaiten atzetik itsu-itsuan joatea lideratzea dela".
"Askotan, gerra handienak bata bestearen atzetik datozen erantzunetatik sortzen dira, kalkulu-akats, akats tekniko edo espero ez diren gertakariengatik. Horregatik, Historiatik ikasi behar dugu, ezin dugu errusiar erruletan jokatu milioika pertsonaren patuarekin. Gatazka honetan sartuta dauden potentziek berehala utzi behar dituzte erasoak eta elkarrizketa eta diplomaziaren alde egin behar dute", azpimarratu du.
"Gobernuak liskarrak etenarazatea eta gerra hau diplomatikoki ebaztea exijitzen jarraituko du. Eta zehaztu nahi dut, zeren bai, hitz egokia exijitzea da, Espainia EBko, NATOko eta nazioarteko komunitateko kide osoa delako. Krisi honek guri ere eragiten digu, europarrei, eta, ondorioz, espainiarrei. Eta, horregatik, konpondbidea exijitu behar diegu AEBri, Irani eta Israeli, berandu izan baino lehen geldi daitezen", gaineratu du.
Adierazi duenez, Espainia ez da "munduarentzat txarra den zerbaiten konplize" izango, "baten baten errepresalien beldurragatik soilik", Donald Trumpi erreferentzia eginez, Trumpek Espainiari egindako mehatxuen ostean.
"Espainiako Gobernua egon behar dutenekin dago. Gure gurasoek eta aitona-amonek gure konstituzioan finkatu zituzten balioekin dago. Espainia Europar Batasunaren sorrerako printzipioekin dago. Nazio Batuen Gutunarekin dago. Nazioarteko zuzenbidearekin dago, eta, beraz, bakearekin eta herrialdeen arteko bizimodu baketsuarekin dago", esan du.
Ziurgabetasun ekonomikoari aurre egiteko neurriak
Sanchezek adierazi duenez, egoera horren aurrean, beharrezkoa bada, Gobernuak lagundu egingo die kalte ekonomikoa jasan dezaketen familia, langile eta enpresei.
"Espainiak krisi honi aurre egiteko beharrezko baliabideak ditu une honetan. Gaitasuna dugu, baita borondate politikoa ere, eta eragile sozialen eskutik egingo dugu, pandemian, krisi energetikoan zein duela gutxi muga-zergen krisian egin genuen bezala".
Ebakuazio-bermea
Era berean, Ekialde Hurbilean dauden espainiarrei itzultzeko laguntza ere agindu die, eta horretarako "gau eta egun" lanean ari direla esan du.
Ebakuazio operazioak oso delikatuak direla zehaztu du, aire espazioa ez delako segurua, baina ziurtatu du eskualde horretan dauden espainiarrak babestuko dituztela eta bueltan ekarriko dituztela.
Zure interesekoa izan daiteke
Josu Zabala Erasun gogoratu dute Hondarribian, haren heriotzaren 50. urteurrenean
Josu Zabala Erasun 1976an hil zen Guardia Zibilaren tiroen ondorioz, Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' ETAko kidearen bahiketaren aurka egindako manifestazio batean.
Ertzain baten aurkako pintaketa bat agertu da Gasteizko bere etxe ondoan
Segurtasun Sailak poliziak seinalatzeak eta mehatxuak gaitzetsi ditu, "iraganeko garaiak gogora ekartzen dituztelako eta eraso egiten dietelako, ez bakarrik aipatutako agenteari eta Ertzaintzari, baita demokraziaren eta bizikidetzaren oinarriei ere". ESAN eta SIPE sindikatuek ere gaitzetsi dute gertatutakoa.
Agirrek "erreparazio publikoa" eskatu du Irurak Bat jauregitxoaren harira, "aurrera egitea" nahikoa ez dela iritzita
Alkatearen arabera, hilabeteotan auzi juridikotik harago joan da eztabaida, salaketa oso larriak egin baitira kaltetu diren pertsonen eta EAJren aurka; horregatik, argi esan du ez dela nahikoa gertatutakoa atzean uztea.
Lehendakariak ziurtatu du ez dagoela inolako kriminalitate antolaturik gaur egun Euskadin
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, Imanol Pradales lehendakariak adierazi du azken urteotako hilketak, batez ere, drogek, mendekotasunek edo genero-indarkeriak eragindako harreman pertsonalen narriadurarekin lotuta daudela. Gaur egun Euskadin ez dagoela inolako delinkuentzia antolaturik nabarmendu du.
Isuskitza mendiko gurutze frankista bota du Ernaik
Errekete frankisten omenez Isuskitza mendian (Araba) 1940an jarritako gurutzea bota du Ernaik, baita bideoz grabatu eta sareratu ere. Gazte antolakundearen arabera, “faxismoak ez du lekurik gure herrian”, eta hilaren 13an Donostian egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
Nora Abetek (PSE-EE) Bilboko alkatetzarako hautagaitza aurkeztu du
Bilboko Udaleko egungo alkateorde eta PSE-EEren bozeramaileak azaldu duenez, bere hautagaitza "hurbiltasunetik, entzute-ahalmenetik eta erabakiak hartzeko gaitasunetik" sortu da.
Gipuzkoako Foru Aldundia datorren astean hasiko da aurrekontuak eta neurri fiskalak negoziatzen
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri du oposizioko taldeekin elkarrizketa sorta bat hasteko asmoa duela, lurraldeko aurrekontuen eta zenbait neurri fiskalen inguruan negoziatzen hasteko.
Lehendakariak ekonomiari, autogobernuari eta etxebizitzari buruzko akordioak planteatuko ditu alderdi eta gizarte-eragileekin egingo duen bilera-sortan
Topaketak irailaren 8tik 15era egingo dira, elkarrizketa indartzeko eta aliantzak sustatzeko helburuarekin. Nazioarteko ziurgabetasunak eta 2027ko hauteskunde-zikloak markatutako testuinguruan burutuko dira.
Imanol Pradales: "Irailaren 8an hasiko gara alderdi politiko, sindikatu eta patronalarekin biltzen"
Imanol Pradales elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Lehendakariak bertan jakinarazi duenez, erronda politikoa irailaren 8an hasiko du, asteartean, eta bilera horietan jorratuko diren gaiak iragarri ditu.
Pradalesen ustez, Sanchezen gobernua "nokeatuta" dago, eta Ceutako krisiari erantzuna eman ezean legealdia amaitu beharko luke
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioari eskainitako elkarrizketan, alderdi politiko eta eragile sozioekonomikoekin bilera-sorta irailaren 8an hasiko duela iragarri du lehendakariak.