Fiskaltzak artxibatu egin du iraungitako txertoen kasuagatik Defensor del Pacientek Osakidetzaren kontra jarritako salaketa
Ministerio Publikoak EITBri jakinarazi dio artxibatu egin duela iraungitako txertoen auziaren ondotik aurkeztutako salaketa. Osakidetzak txertaketa-sistemaren segurtasuna indartzeko neurri-plan bat iragarri zuen martxoan.
Haurtxo bat, txertoa jasotzen, Sopelako osasun-etxean. Argazkia: Europa Press
Fiskaltzak artxibatu egin du El Defensor del Paciente elkarteak Osakidetzan iraungitako txertoen kasuan jarritako salaketa, Ministerio Publikoak EITBri baieztatu dionez.
Ebazpenaren arabera, ez dago egiaztatuta dosiek "emaitza kaltegarria" eragin ziotenik dosiak jaso zituenari.
Txostenaren arabera, "arrisku-egoera" bat gertatu zen, pazienteek – gehienak edadetuak- "babes-efekturik" ez zutelako, baina "eztabaidagarritzat" jo du horrek "zigor-hesia gainditu" ahal izatea.
Horrela, uste du ez dela "behar bezala" egiaztatu erreakzio kaltegarririk egon zenik, eta hori osasun publikoaren aurkako delituen barruan egongo litzatekeela (Zigor Kodearen 361. artikulua).
Bere ustez, gertatutakoa ezin zen akatstzat jo, "arduragabekeriatzat eta/edo zaintza-faltatzat baizik". Hala ere, Carmen Adan Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak ikerketa-eginbideak artxibatzea erabaki du maiatzaren 21ean sinatutako idazkian.
Dokumentuan, berriz, honako hau ohartarazten du: emandako txertoei dagokienez (mota, laborategia, iraungitze-data), Osakidetzak bidalitako dokumentazioan "komunikazio batzuk osatu gabeak dira edo folio erdi bat zuriz ageri dira, mezuen trazabilitatea hautsiz".
Osakidetzak 2025eko abendutik 2026ko urtarrilera bitartean adingabeei iraungitako txerto hexabalenteak eman zitzaizkiela ikusi ondoren atera zen argitara kasua. Gertakarien berri izan ondoren, Osasun Sailak eta Osakidetzak Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzorde bat eratu zuten, gertatutakoa aztertzeko eta hobekuntzak proposatzeko.
Batzorde horrek egindako txostenak ondorioztatu zuen akatsak gertatu zirela txertoen trazabilitate- eta kudeaketa-prozesuaren fase desberdinetan. Identifikatutako arrazoien artean honako hauek zeuden: 2023an ohikoa zela baino dosi gehiago erostea, iraungitze-data hurbileko stocka pilatzea, hozteko ekipoen kudeaketan akatsak izatea eta dosiak ematean eta erregistratzean akatsak izatea.
Ondorioak ezagutu ondoren, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak berehalako eta epe ertainerako neurri sorta bat iragarri zuen, txertaketa-sistemaren segurtasuna indartzeko. Besteak beste, erosketa-irizpideak berrikustea, osasun-zentro bakoitzean txertaketa-arduradunak izendatzea, txertoak eta hozkailuak kudeatzeko protokolo berriak, eta dosien trazabilitatea hobetzeko tresna digitalak garatzea.
Martinezek, orduan , defendatu zuen "inola ere" ez zela arriskurik egon kaltetutako adingabeen osasunerako, eta ziurtatu zuen Osakidetzaren txertaketa-sistemak eraginkortasun handia duela, nahiz eta onartu zuen kontrol-mekanismoak indartu behar direla akats berriak saihesteko.
Fiskaltzak salaketa artxibatzeko erabakia ikerketa-batzordearen ondorioak aurkeztu eta Osasun Sailak iragarritako neurri zuzentzaileak abian jarri eta hiru hilabetera jakin da.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera