2027ko aurrekontuak aurkezteko izapideak abiatu ditu Espainiako Gobernuak
Elkarrizketarako "eskuzabaltasuna, erantzukizuna eta konpromisoa" eskatu dizkie Espainiako gobernuburuak Kongresuko taldeei, eta bereziki zuzendu zaie Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi independentistei eta nazionalistei.
2027ko Estatuko aurrekontu orokorren lege-proiektua aurkezteko izapideak abiatu ditu Espainiako Gobernuak. Hala jakinarazi du Pedro Sanchez gobernuburu espainiarrak, Bartzelonan egiten ari diren ekonomiari buruzko Cercle d'Economia foroaren jardunaldietan. Aurrez behin eta berriz esana bazuen ere, modu horretan argi utzi nahi izan du ez duela asmorik hauteskundeak aurreratzeko eta legealdia amaieraraino eramango duela.
Ohi baino beranduago aurkeztuko du Sanchezek datorren urterako kontuen proposamena, eta gogor kritikatu dute hori oposizioak zein inbestidurako bazkideek. Ekialde Hurbileko gatazkak eragindako krisia jarri izan du aitzakia modura, atzerapena justifikatzeko. Azkenean, gaur argitu du zalantza.
Esan duenez, aste honetan bertan argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean Ogasun Ministerioaren agindua, aurrekontuak egiteko, eta ondo bidean, bigarren seihilekoan eramango dute proiektua Kongresura, eztabaidatu eta onartzeko.
"Eskuzabaltasuna, ardura eta konpromisoa"
PSOEren inguruko auzien ondorioz, giro politikoa erabat nahastuta dagoenean emango du urratsa Sanchezek, kontuak aurrera atertzeko babes nahikoa lortzea zail izango duela jakitun. Horregatik, “laguntza eta ahalegina” eskatu dizkie Kongresuko talde politikoei. Zehazki, elkarrizketarako "eskuzabaltasuna, ardura eta konpromisoa" galdegin ditu, begirada Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleengan jarrita.
Azaldu du etxebizitzaren gaiak lehentasuna izango duela lege-proiektuan, "demokraziaren historian inoiz bideratu den diru partida handienarekin". Horrez gain, zerga-politika arduratsu eta jasangarriari eutsiko diotela agindu du, eta zor publikoa murrizteko neurriak hartuko dituztela ziurtatu du.
Hori guztia Europar Batasunarekin koordinazio bideak sendotuz egingo dutela ere adierazi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik