UCOk PSOE seinalatu du Leire Diezen sarearen ordainketa guztien "jatorri" gisa
Atestatuan, Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboko agenteek ustezko ordainketetako batzuk xehatu eta hainbat adibide jarri dituzte.
Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboaren (UCO) arabera, Santos Cerdan buruzagi ohi sozialistak eta Leire Diez militante ohiak ustez gidatutako taldearen gastuak ordaintzeko erabilitako dirua, baita haren logistika- eta langile-beharrak ere, "jatorri beretik etorri ziren: PSOEtik".
Ondorio hori atera dute agenteek aurkeztutako atestatu batean. Agiri horretan azpimarratu dute Santos Cerdanek, garai hartan sozialisten Antolakuntza idazkaria zenak, baimena edo agindua eman zuela "ikerketapean dagoen gaiari lotutako ordainketa guztiak" egiteko.
"Ustezko jarduera kriminalaren finantzaketa eta kudeaketa logistikoa" izeneko atalean, UCOk PSOE aipatzen du ordainketen "jatorri" gisa. Adibidez, "Leireren jarduera ordaintzekoak" aipatzen ditu; horiek "gutxienez" 43.225 eurokoak dira, baina bidaia batzuk egiteko eta ibilgailuak alokatzeko gastuak "ezin izan dira kalkulatu".
Kasu "askotan", ikertzaileek uste dute tartean jarritako sozietateak eta fakturazio ustela erabili zituztela ordainketak zeinek egiten zituen ezkutatzeko. Bi adibide jarri dituzte: Gaspar Zarrias buruzagi sozialista ohiak Zaño aholkularitzaren bidez Diezi 16.000 euro eman zizkion, eta Ismael Oliver abokatuaren Oliver Gruppe enpresak, 27.225 euro.
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Gobernua eta PSOE nahasturik egon litezkeen auzi judizialak ezegonkortzera bideratutako ustezko sare bati buruz zuzentzen duen auzian daude bi horiek ikertuta. Magistratuaren ustez, Zarriasek eta Oliverrek Diezi haien sozietateen bidez egindako ordainketak bideratzeko "ordezko" gisa jokatu zuten.
UCOk hainbat elkarrizketa ere jaso ditu; horietan, Oliverrek Diezi galdetzen dio nola fakturatu eta "faktura batean eta bestean" zein "kontzeptu" jarri behar duen. Diezek honela erantzun dio: "Ama-etxearenean hau jarri: Lege eta merkataritza aholkularitza, adibidez. Eta bestean, nik uste dut aholkularitza-lanak ere jarri beharko lukeela".
UCOren arabera, Oliverren estudioari PSOEk egindako ordainketa alderdiak abokatuari igorritako "enkargu-ohar bat sinatzearen truke" egin zen. Ohar hori Diezek helarazi ei zion abokatuari, “nagusiaren” eskutik jaso ostean, Santos Cerdani erreferentzia eginez.
Oharrak honako hau ezartzen zuen "kontratu-objektu" gisa: "aholkularitza eta analisia, aurrekarien azterketa eta lan-bilerak; horietan, ahoz ematen dira merkataritza-dokumentuei buruzko iritziak eta ondorio juridikoak, eta gertakarien balorazioa, bezeroak baloratu beharreko auzietarako".
Ana Maria Fuentes gerente sozialistak sinatu zuen dokumentua, eta Pedraz epaileak hura ere inputatu du.
Azkenik, UCOk azpimarratu du ez dakiela abokatu horrek "PSOEk egindakoez gain beste ordainketa batzuk" kobratu ote zituen, baina esan du ezin direla "baztertu" esan du. Izan ere, Koldo Garcia aholkulari ohiaren defentsa bere gain hartu zuen Santos Cerdanen eta Diezen "enkarguz", eta alderdiak "ordaindu" egingo zuela esan zion.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik