Foruzaingoko lankideek minean bat egin eta babesa eman diete hildako bost agenteen familiei
Foruzainen hil-kapera izango da gaur Iruñeko San Alberto beilatokian. Etengabea da bertan goizean goizetik, senide, lagun eta lankideen joan-etorria. Istripuan zauritutako kamioiko gidariari sendagiria eman diote, baina shock egoeran dago.
Etengabea da goizean goizetik Iruñeko San Alberto beilatokian asteazkenean Elgoibarren auto-istripuz hil ziren bost foruzainen hil-kaperara joan direnen joan-etorria. Nafarroako Foruzaingoko agenteak, beste polizia-kidego batzuetako kideak eta lagunak bertaratu dira hildakoen familiei doluminak eta babesa helarazteko.
Polizia Nazionalaren esku hartzeko talde bat ere bertaratu da, eta foruzainei babesa helarazi die eta lore-koroa bat utzi du.
Beilatokira bertaratu direnen artean Ivan Ortueta Foruzaingoaren burua zegoen. Nabarmendu duenez, hildako agenteak "oso maiteak" ziren erakundean eta "Esku Hartzeko Unitateko kideak bereziki ukituta daude"; izan ere, unitate horretan egin zuten karreraren zatirik handiena hildako agenteek.
Aldez aurretik, Ortueta, Foruzaingoko beste agintari eta agente batzuekin batera, Nafarroako Parlamentuan izan da. Hildako agenteen omenezko adierazpen instituzionala irakurri da bertan eta minutu bateko isilunea egin dute haien oroimenez. Nafarroako Ganberan dolumin eta besarkada une hunkigarriak izan dira lankideen artean eta polizien eta agintarien artean.
Foruzainen buruak bertan adierazi duenez, "trantze gogor hori pasatzen saiatzen ari dira", familiei eta lankideei babesa emanez. Aldi berean, Estatuko eta Nafarroako erakunde publiko guztiek, erkidegoetako poliziek eta gizarte zibilak helarazitako babes, elkartasun eta maitasun adierazpen "ugariak" eskertu ditu.
Agenteei azken agurra
EAEn egindako izapideen ondoren, bart iritsi ziren Nafarroara hildakoen gorpuak, Foruzaingoko lankideek babestuta. Gaur zabalik egongo da beilatokia. Ostiral arratsaldean, 19:00etan hileta egingo da, bosten alde, Nafarroako hiriburuko katedralean, eta datorren astean (ziurrenik) omenaldi zibila egingo da, Nafarroako Gobernuak antolatuta.
Kamioilariari sendagiria eman diote
Asteazkenean Elgoibarren izandako istripuan zauritu zen kamioiaren gidariari sendagiria eman diote dagoeneko Donostia Ospitalean, kamioilariak lan egiten duen Mugerreko (Lapurdi) Dabatrans enpresak EITBri jakinarazi dionez. Familia enpresak adierazi duenez, gidariak giharretako mina du, eta zauri arinak dituen arren, shock egoeran dago oraindik bost gizonen heriotzagatik.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera