Bost hildako eta zauritu bat AP-8an, Elgoibarren, furgoneta baten eta kamioi baten arteko istripuan
Hildakoak furgonetako bidaiariak ziren, Nafarroako foruzainak denak; Iurretan praktikak egitera zihoazen. Kamioiaren gidaria da zauritutakoa.
Bost hildako eta zauritu bat izan dira AP-8an, Elgoibarren, furgoneta baten eta zisterna-kamioi baten artean izan den istripuan.
Furgonetan zihoazen bost bidaiariak dira hildakoak, bostak ere Iurretan praktikak egitera zihoazen Nafarroako foruzainak, 35 eta 56 urte bitarteko bost gizonezko. Kamioiaren gidaria da zauritutakoa. Aurrena Debagoieneko ospitalera eraman badute ere, gero Donostia Ospitalera bideratu dute.
Ezbeharra gaur goizeko 09:15ean gertatu da, AP-8 autobidean, Elgoibar pasa eta kilometro eta erdira. Ez dago argi nola eta zergatik gertatu den istripua. Ertzaintza hori argitu nahian dabil, baina hipotesietako bat da furgonetak zalantza egin eta kamioiak aurretik eraman duela. Bilborako noranzkoan AP-1eko irteera pasa eta metro gutxira gertatu da istripua. Puntu honetan autobidea bitan banatzen da, bide bat Gasteizera doa, AP-1a, eta bestea, Bilbora.
Furgonetaren gidariak zalantza izan du zein bide hartu, erdiko hesia jo eta errepide erdian gelditu da. Atzetik zetorren zisterna-kamioiak bete-betean jo du atzetik. Talka hain izan da gogorra, ezen furgoneta 30 metrora bidali duen; kamioia buelta emanda geratu da.
Istripuan jasandako zaurien ondorioz, furgonetako bost bidaiariak tokian bertan hil dira, bertaratutako osasun-zerbitzuek esan dutenez.
Justizia Sailak hildakoen gorpuak BIlboko Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eraman dituztela jakitera eman du.
Istripuaren ondoren errepidea itxi egin dute eta, ondorioz, auto-ilara luzeak sortu dira inguruan. Zirkulazioa AP-1etik bideratu da.
Ertzaintzak ikerketa jarri du abian istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Foruzaingoa, "min handiz"
Foruzaingoa "min handiz" agertu da bost kideren heriotza dela eta. "Gure maitasun eta babes osoa hildako lankideen senide eta hurbilekoei, denok sentitzen dugun eta gure memorian aztarna ezabaezina utziko duen min sakonarekin bat egiten dugu", gaineratu dute ohar batean, eta Nafarroatik zein Nafarroatik kanpo, arlo askotatik eta askotarikoetatik jasotako doluminak eskertu dituzte. Ertzaintzako "lankide eta lagunek" eta Euskal Autonomia Erkidegoko agintariek emandako laguntza eskertu dute bereziki.
Foruzaingoaz gaindi, baina, albisteak Nafarroako gizartea eta politika astindu du. Javier Remirez Nafarroako Gobernuaren bozeramailea eta Maria Chivite Nafarroako Erkidegoko presidentea "erabat samindurik eta atsekabeturik" agertu dira, eta iragarri dute Nafarroako Gobernua ekitaldi instituzional bat prestatzen ari dela istripuan hildako bost foruzainen omenez.
Gertaerak, era berean, erreakzio ugari ekarri ditu, doluminak eta maitasun adierazpenak, biktimen familiekiko eta hurbilekoekiko.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera