"Eskarmentu eta konpromiso handiko" foruzainak: Hala deskribatzen dituzte Elgoibarko istripuan hildakoak
Fermin Sola, Jesus Maria Vidaurreta, Miguel Crespo, Juan Martin Dominguez eta Miguel Antonio D'Entremont Iurretara zihoazen, Ertzaintzarekin prestakuntza ikastaro bat egitera.
Elgoibarko istripuan hildako bost lagunak Nafarroako Foruzaingoko agenteak ziren, "eskarmentu handikoak" eta "lanean buru-belarri" ibilitakoak, Foruzaingoko iturriek zehaztu dutenez.
Fermin Sola, Jesus Maria Vidaurreta, Miguel Crespo, Juan Martin Dominguez eta Miguel Antonio D'Entremont Foruzaingoaren Esku-hartze Dibisioko kideak ziren eta Iurretara (Bizkaia) zihoazen, Ertzaintzarekin formazio ikastaroa egitera.
Bost lagunak AP-8aren eta AP-1aren arteko elkargunean kamioi batekin talka egin duen furgonetan zihoazen. Istripua 09:30 aldera gertatu da, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik.
Foruzaingoak bost agenteen konpromisoa nabarmendu du:
Fermin Sola Barrena Mintxok 51 urte zituen eta komisarioa eta Esku-hartze Dibisioko burua zen. 1996an sartu zen Nafarroako polizian, eta organigraman gora egin zuen, gaur egungo posturaino. Lankideek "edozein zerbitzutan laguntzeko prest" zegoela eta "lanerako gaitasuna" zuela azpimarratu dituzte. Nafarroako DYAn boluntario lanetan aritzen zen.
Jesus Maria Vidaurreta Fernandezek 55 urte zituen. Inspektoreordea eta Esku-hartze Berezien Taldeko burua zen. 1997an sartu zen Foruzaingoan. Bertako iturriek "leialtasuna, eskuzabaltasuna eta sakrifizioa" aipatzen dituzte Jesus Mariaren ezaugarri nagusi gisa. "Langilea eta entregatua" zela adierazi dute, eta besteei zerbitzua ematea "berezkoa" zuela.
Miguel Crespo Obanos, 48 urtekoa, Esku-hartze Berezien Taldeko agentea zen. Bertan egin zuen bere ibilbidearen zati handi bat, 2000. urtean erakundean sartu zenetik. "Lankide ona, profesionaltasun handikoa eta erakundearekiko konpromiso etengabea" zula nabarmendu dute.
Juan Martin Dominguez Villarrek 44 urte zituen. Foruzaingoko kidea zen 2005etik. Esku-hartze Dibisioko Aginteari Laguntzeko Talde Operatiboko (GOAM) agente zebilen. Lankideek diotenez, "langile nekaezina eta bere Dibisioaren engranajearen eragilea" zen.
Miguel Antonio D'Entremont Jimenez zen bostetan gazteena. 35 urte zituen eta 2021ean sartu zen polizian. "Kirolari amorratua" zela nabarmendu dute, eta "beti" zuela "irribarre bat, hitz polit bat edo maitasun keinu bat behar zuenarentzat".
Bost agenteen hilbeilak bihar, osteguna, egingo dute, Iruñeko San Alberto beilatokian. Hileta-elizkizuna, berriz, ostiral honetan, ekainaren 5ean, izango da, 19:00etan, Iruñeko Katedralean.
Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzional bat egingo du haien oroimenez.
Kamioiaren gidaria
Istripuan jasandako zaurien ondorioz, furgonetako bost bidaiariak bertan hil egin dira, bertaratutako osasun-zerbitzuek esan dutenez. Kamioiaren gidaria, aldiz, ospitalera eraman dute.
Istripuaren ondoren, trafikoan arazoak sortu dira: errepidea itxi egin dute, auto-ilara luzeak sortu dira inguruan eta zirkulazioa AP-1etik bideratu da. Ertzaintzak ikerketa abian jarri du, istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Eusko Jaurlaritzaren oharra
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bost agenteak Iurretako Ertzaintzaren baserantz zihoazen. Brigada Mugikorren, Zaintza eta Erreskate Unitateen eta Lehergailuak Indargabetzeko Unitateen egoitza dute han. Zehazki, Ertzaintzak gonbidatuta, hainbat material probatzeko egingo zen formakuntza batera zihoazen.
Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bere samina agertu du trafiko-istripuagatik, eta, era berean, bere “elkartasuna eta babesa” helarazi dizkiote Nafarroako Foruzaingoari.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera